Garun lesioa edo urritasun fisikoa duten kirolariek praktikatzen dute slalom kirola. Eguneroko bizitzako oztopoetan oinarritutako ibilbidea osatu beharko dute kirolariek Hondartza kiroldegian.
Slalom kirola ezagutzeko aukera polita izango da asteburuan Hondarribian
Estatu Mailako Slalom Txapelketa egingo dute asteburuan Hondarribiko Hondartza kiroldegian. Garun paralisia eta lesioa duten pertsonen eta urritasun fisikoa duten kirolarien Espainiako federazioek, eta Euskadiko eta
Gipuzkoako Kirol Egokituen federazioek antolatzen dute. Espainiako estatuko 17 kirol elkartek parte hartuko dute.
Garun paralisia, garun lesioa edo urritasun fisikoa duten kirolariek egiten duten modalitatea da slaloma, batez ere gurpildun aulkian egiten dena, elektrikoa edo eskuzkoa izan. Kirolariak ibilbide bat burutu behar du ahalik eta denbora gutxienean, zenbait oztopo gaindituz. Oztopo horiek, eguneroko bizitzan gurpildun aulkietan aritzen diren pertsonek topatu ditzaketenetan oinarrituta daude.
Txapelketa hiru egunez luzatuko da. Gaur arratsaldean kirolarientzako mediku-kirol sailkapenak egingo dituzte, bihar goizean erlojuaren aurkako probak eta kanporaketak, eta igande goizean taldeen arteko kanporaketa eta txapeldunen proba nagusia, finala.
Sentsibilizazio jardunaldia
Estatu Mailako Slalom Txapelketa probestuta, sentsibilizazio jardunaldia egingo dute bihar larunbata arratsaldean kiroldegian bertan. 16:00etatik aurrera, kiroldegira hurbiltzen diren haur eta gazteek, slaloma ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izango dute. Horrela, Hondarribiko eta inguruko herrietako txikiek gurpildun aulkietan ibiltzen direnen eguneroko zailtasunak ezagutzeko eta gainditzen saiatzeko aukera izango dute.