Guraso talde batek parte hartze prozesua abiatuko du Topagunearen laguntzaz. Ostegunean bilera irekia dute Gazte Xaian, 17:30ean.
Behar al da euskara elkarte bat Hondarribian? Zer egin bestela erabilera handitzeko? Guraso talde batek parte hartze prozesua abiatuko du Euskaltzaleen Topagunearen laguntzaz, eta besteak beste, bi galdera horien erantzunak jakin nahi dituzte.
Euskara elkarte bat behar dela uste du Lizeagak
Orain arte bilera batzuk egin dituzte eta ostegun honetan, hilak 7, berriro elkartuko dira Gazte Xaian, 17:30etik aurrera. Martin Lizeaga da elkartzen hasi diren gurasoetako bat, eta hondarribiar guztiei deia luzatu die, osteguneko bilerara joan daitezen. “Jende desberdina elkartu gara, bakoitzak bere ideiak ditu, baina kezka hori, herrian euskara gehiago entzutea eta erabiltzea nahiko genuke denok”.
Lizeagak onartzen duenez, hasieran ez zekiten oso ongi zer egin, eta laguntza eske
Topagunera jo zuten. “Talde bat osatuko dugu? Lokal bat? Horrelako oinarrizko galderak genituen, ez genekien zer egin”, azaldu du. Hala, norbaitek Euskara Elkarteen Topagunearekin hitz egiteko proposatu zuen, “haiek ari direlako Euskal Herri osoan aholkularitza ematen”. Beraiekin elkartu ziren eta parte hartze prozesua abiatzea adostu zuten.
Hala, Topaguneak zuzenduko du parte hartze prozesu hori Hondarribian, ideiak jasotzeko. Hori noiz egingo den zehazten ari dira orain, eta ostegun honetan Gazte Xaian egingo duten bilera irekiaren gai nagusia izango da. Lizeagak gaineratu duenez, parte hartze prozesua hiru egunekoa izango da, gutxi gorabehera hiru ordu bakoitzean. Amaitzean, teorian jakingo dugu zer landu nahiko dugun, euskara elkartea, edo dena delakoa”.
Parte hartze prozesutik zer ondorio aterako ote diren jakin gabe, Lizeagaren ustez euskara elkarte bat behar da Hondarribian, eta ez omen da bakarra: “Nik pertsonalki bai, nik euskara elkarte bat nahiko nuke, gero zehaztu beharko litzateke nola aritu, non, noiz, baina ideia orokorra elkarte bat egitea dela uste dut”.