Zuloaga Etxea husteko eta materiala garraiatzeko lanak bukatuta, maiatzaren 4an hasiko dira behin behinekoz liburutegi zerbitzua ematen Biteri kalean. Horrekin batera Kale Nagusiko eraikina handitzeko lanak abiatuko dira.
Garraio lanak amaitzen ari dira
Maiatzaren 4an irekiko da behin behineko liburutegia Biteri kalean, Jostaldi frontoiaren ondoan, garai batean anbulatorio probisionala egon zen lekuan. Garraio lanak bukatuta, liburutegiak aurrefabrikatutako moduluetan eskainiko du zerbitzua Zuloaga Etxeko lanak bukatu arte, Txomin Sagarzazu Kultura zinegotziak azaldu duen bezala: “2016ko lehen hiru-hilekoa bitarte, behin-behineko liburutegia Biteri kalean aurrefabrikatutako moduluetan egongo da. Gero, liburutegi berritu eta handitua berriz Kale Nagusiko Zuloaga Etxean irekiko da”.
Behin behineko eraikinak, Kale Nagusiko liburutegiaren zerbitzu bera eskainiko du, bilera gela ezin —Kultur Etxean egingo dira bilerak—. Biteri kaleko moduluek 680 metro koadroko azalera dute, maila bakarrean, eta 80 irakurketa leku inguru, gazte eta helduen eremuak banatuta.
Behin-behineko liburutegiaren aurrekontua 94.320 eurokoa da, 84.579 euro moduluak alokatzeko eta 9.740 euro materiala eramateko. Zuloaga Etxea handitu eta berritzeko proiektuaren aurrekontua, aldiz, 1.431.172 eurokoa da.