Etxebizitzen erdia alokairukoa izango da, kopuru handiena Etxebideren promozio batean
Udazkenean hasiko dira Muliate II babes ofizialeko etxebizitzen promozioa eraikitzen eta berrikuntza handia izango dute, ia energia-kontsumorik gabeko etxeak izango baitira, egur kontralaminatuko oholen bidezko eraikuntza-sistema aurrefabrikatuari esker. Atzo egin zuten etxebizitzen aurkezpena, udaletxeko areto nagusian. Bertan izan ziren Aitor Kerejeta alkatea, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toña eta Etxebizitza sailburuorde Covadonga Solaguren, eta Visesako zuzendari nagusia, Marcos Muro.
Martxoan esleituko dute obra, eta dena ongi, lanak udazkenean hasiko dira. Orotara, 65 etxebizitza egingo dituzte promozio berrian, 32 salmentakoak eta 33 alokairukoak. Muliateko lehen fasearekin alderatuta, askoz handiagoa da alokairu sozialekoen kopurua, orduan salmentako 170 eta alokairuzko 25 egin baitziren.
Lehen aldiz, udalaren eta jaurlaritzaren artean adostu da eraikuntza eta alkateak gogorarazi du bi erakundeak elkarrekin ari direla etxe hutsetan alokairu soziala sustatzeko. “Ez da ahaztu behar abian jarri dugun Bizigune proiektua, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzekoa, Eusko Jaurlaritza eta Hondarribiko Udalaren artean”. Programan parte hartzeaz gain, Etxebideren eskaintza osatzeko dirua jartzen duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal bakarra dela erantsi zuen Kerejetak.
Muliate IIn egingo diren alokairuzko 33 etxebizitzetatik hamabost, udalaren esku geratuko dira, Toña sailburuak azaldu bezala: “Hamabost udalari emango zaizkio lurzoruaren truke. Gainerako hemezortziak alokairu-politikaren bidez etxebizitzaren funtzio soziala garatzeko xedea duen Eusko Jaurlaritzaren Alokabide sozietateak erosi eta kudeatuko ditu”. Kudeaketa, aldiz, Alokabiderena izango da 33 etxebizitzena, udalarenak izan nahiz jaurlaritzarenak.
Bi bloke izango dira, eta erdian plaza bat
Eraikuntza aitzindaria
Etxebizitza berriak bi bloketan banatuko dira, eta erdian plaza bat izango dute. Visesako departamentu teknikoko zuzendari Nerea Morgadok azaldu zuenez, proiektua aitzindaria da: “Proiektu bereizgarria da Erkidegoan, gainerako eraikinen aldean, egur kontralaminatuko oholak erabiliko direlako egitura-elementu gisa hormetan, barnealdetan, fatxadetan, solairu-egituraketan eta estalkietan, hala nola igogailuaren eta eskaileren zuloan, eta energia-kontsumo ia nuluko eraikina izango delako”. Gainera, erabiliko den egurra “modu jasangarrian ekoitzitako egurra” izango dela gaineratu zuen Morgadok.
Salmentako etxebizitzak bi, hiru eta lau gelakoak izango dira (56 metro koadrokoak txikienak eta 104 metrokoak handienak) eta alokairukoak bat, bi eta hirukoak (41 eta 85 metro koadro artean). Prezioak ere aurreratu zituzten atzo. Gutxi gorabehera, bi logelako etxeen merkeenak 130.000 euroko kostua izango du (BEZa gabe), hirukoak 165.000 eta lau logelakoak 198.000 euro. “Etxebizitza guztien prezioak barne hartzen ditu garajea, trastelekua eta altzariz eta A motako etxetresna elektrikoz hornitutako sukaldea. Gainera, sustapeneko eraikinen beheko solairuan supermerkatu bat egongo da, bertakoei zerbitzu emateko”, erantsi zuen Visesako departamentu teknikoko zuzendariak.