Irungo alkateak uste du lau edo bost urtetan mugitu dezaketela Plaiaundiko kirol gunea
Santano, Arantxa Tapiarekin
Jose Antonio Santano Irungo alkatearen arabera, 4-5 urte beharko dira Plaiaundiko kirol gunea ordezkatuko dituen azpiegitura eraikitzeko. Zubieta-Urdanibia Parke Teknologiko berrian kokatuko litzateke eta “instalazio egokiak” izango direla aurreratu du, “handiak”.
Joan den ostegunean egin zuten Miramongo parke teknologikoa Zubieta Urdanibian zabaltzeko
hitzarmenaren izenpetzea. Ekitaldiaren ostean, HITZAren galderei erantzunez, eremu horretan Plaiaundiko kirol instalazioak ordezkatuko dituen gunea kokatuko dela aurreratu zuen Santanok. “Lur egokiena zein den gutxi gorabehera zehaztuta dago eta planoan kokatuta”.
Parke teknologikoa Hondarribiko Zubietan (bi heren) eta Irungo Urdanibia artean eraikiko dute. Hitzarmena sinatuta, konpatibilizazio plangintza prestatu behar dute, ondoren lurrak erosi, eta hirugarren urratsa litzateke parkea eraikitzen hastea. Baina Irungo alkateak uste du kirol gunea aurreratu daitekeela: “Hurrengo urratsa izango da konpatibilizazio plangintza prestatzea, eta hori eta gero, hirigintzako tresnekin aukera izango genuke lurrak erosteko. Gure asmoa da interbentzio hori aurreratzea, kirol gunea aurreratzea”.
Hala, laupabost urtetan kirol gunea eginda egoteko aukera dagoela erantsi du alkateak: “Nire iritzia da, baina proiektu hori datozen lau bost urtetan garatzeko aukera izango da”. Lehenengo kirol gune berria eraikiko dutela gaineratu zuen, “eta gero Plaiaundikoa kendu”.