"Oraindik asko hobetu behar dut"
Bihar, gazteen Espainiako Judo Txapelketa egingo dute Pinto herrian (Madril). Lidia Yarza Ama Guadalupekoa taldeko kidea +78 kiloetan lehiatuko da eta irabazteko aukerak ditu. Rankineko lehen postuan dago.
Aurten, bigarren urteko juniorra zara, ez?
Bai, 1996an jaio nintzen, bihar hemeretzi urte egingo ditut [asteartean, elkarrizketa astelehenean egin zen].
Biharko, sasoiko al zaude?
Ondo nago. Aurreko urteari begiratuta, askoz hobeto aurten [iaz zilarra lortu zuen]. Bigarren urtea dut kategorian eta nabaritzen da.
Espainiako Kopako bi probak irabazi dituzu eta rankineko lehen tokian zaude. Horrek esan nahi du faboritoa zarela.
Beno, judoka guztiak ez dira proba guztietara joaten, bidaiak-eta garestiak direlako. Baina tira, orain arte ikusi dudanagatik, baditut aukerak irabazteko.
Zer ari zara lantzen?
Aurreko astean akumulazioa egin genuen, entrenamendu lasaia baino estentsiboa. Eta aste honetan azkartasuna lantzen ari gara.
Asko ari zara entrenatzen?
Txapelketarako egunero, bi orduz. Etxera pixka bat nekatua iristen naiz, baina egindakoarekin beteta.
Zein esango zenuke dela zure ezaugarri nagusia?
Nire pisuan denak ni baino askoz handiagoak direnez, abiadura da nik daukadan gauzarik onena, eta horregatik ari gara bereziki lantzen.
Eta zer da falta zaizuna, hobetu beharko zenukeena?
Zer falta zaidan? [arnasa bota du]. Oraindik asko hobetu behar ditut gauza asko. Poliki-poliki, entrenamenduetan eta lehiaketetan ikusten dut gaizki egiten ditudan gauzak zeintzuk diren, eta horiek zuzentzen saiatzen naiz. Agian ez da hainbeste nik gaizki egiten dudana, baizik eta burua landu, konfiantza hartu behar dut gauzak ondo egiteko.
Espainiako Txapelketaz gain, baduzu beste helbururik?
Aurten ez, beste ezer ez. Urte batzuz egon naiz judoa uztea pentsatzen… Orain bakarrik Espainiako Estatu mailako probak egiten nabil [Kopa eta Super Kopako probak eta Espainiako Txapelketa], eta gero, aurrerago ikusiko dut horrela jarraitu edo gorago igo. Orain zazpi hilabeteko denboraldia dut, eta kanpora joaten banaiz urte osokoa izango da, oso gogorra beraz. Ama Guadalupekoan txikitatik daukagu aukera kanpoan lehiatzeko, oso ondo dago hori, baina gogorra da. Urte asko, eta erretzeko aukera dago, beti berdina delako. Baina ahal dena egiten da.
Goi mailako kirolaria zara. Eskaintzarik izan al duzu kanpora joateko, bere garaian Iokin Sagarzazu Valentziara joan zen bezala?
Bai. Valentzian izan genuen aukera, eta Madrilen ere. Aukera izan dut kanpora joateko baina nik nahiago dut nireekin geratu, taldean denak gara oso ezagunak, familia bat bezala gara. Hau da nik nahi dudana. Momentuz jarraitzeko asmoa dut, etxean.