Euria ez zen geratu desfile osoan eta tarteka gogor bota zuen, baina Hondarribiko Inauterietako desfilea egin ahal izan zen eta sekulako giroa sortu zen Portuan. Hasierako urduritasunak poztasun bilakatu ziren ibilbidea amaitzerakoan, hainbesteko esfortzuak merezi izan duelako.
Ia ibilbide guztian zehar egin zuen euria, baina inork ez zuen desfilea utzi nahi izan
Denentzat ez da saririk izango, baina horrek ez du esan nahi merezita ez dutenik. Atzo goizean Hondarribiko Inauterietako desfilean parte hartu zuten guztiek merezi dute saria, baldintza deseroso haietan irribarrea galdu gabe parte hartu izanagatik.
“Ez dezala euririk egin”, pentsamendu hori eduki dute hilabetetan zehar egindako entseguetan, kezka hori buruan azken asteetan. Eta ostiraletik, jakin bazekitenean ziurrenik egingo ziela, “gutxienez ez dadila suspenditu”, horrekin konformatzen ziren.
Ateri ez, baina tanta mardulik gabe hasi zen desfilea Arma Plazan. Bai, Arma Plazan hasten da Inauterietako desfilea, nahiz eta karrozek ezin duten aldapa jaitsi. Horregatik, bi desfile egiten dituzte Hondarribian. Bata ehun metro eskasekoa, Arma Plazatik Zumardirainokoa, karrozarik gabe, talde gutxirekin, eta apenas jenderik gabe espaloietan. Eta bestea, benetako desfilea, parte hartzaile guztiekin, karrozekin, eta espaloiak publikoz beteak daudela, behar den bezala.
Lehen zati horrek zentzu gutxi izateaz gain, karrozek euren ibilbidea hasi zutenerako dezente ilundu zen zerua. Hotz handirik ez, baina euria barra barra egin zuen desfile osoan zehar, tarteka gogotsu gainera. Txikienei aurpegia aldatu zitzaien, baina
txinotan erositako plastikoen barruan sartu eta kitto, aurrera segi. Inork ez zuen desfilea utzi nahi izan.
Eta azkenean, merezi izan zuen. Hainbeste entsegu ordu, hainbeste jostorratz puskatu hainbesteko urduritasuna pasatu eta gero, merezi izan zuen. Izan ere, ekitaldi asko biltzen ditu Hondarribiko Inauterietako programak, baina atzo Portuan bizitako giroak erakutsi zuen igandeko desfilerik gabe ez zela gauza bera izango.
[nggallery id=12]