Ander Vilariñok bigarrenez irabazi du Europako Nascar Txapelketa
Ander Vilariño pilotu hondarribiarrak bigarren aldiz jarraian irabazi du Europako Nascar Txapelketa. Asteburan Le Manseko zirkuituan (Frantzia) egindako bi lasterketetan laugarren geratu zen Vilariño eta, hori horrela, lidergoari eusteko beharrezko puntuak pilatu ditu.
Iazko txapeldunak bikain hasi zuen denboraldia, lehen lau lasterketak irabaziz eta lortutako abantailari eutsi dio amaieraraino. Hamabi lasterketez osatzen da Europako Nascar Txapelketa eta denetan lehen hamarren artean sartu da Vilariño, eta hamarretan lehen bosten artean. Orotara, zazpi irabazi ditu, zortzi pole lortu eta beste zortzi buelta azkar.
Hondarribiarra bi aldiz izan da Europako Mendiko Txapelduna, baina Nascarreko eraztunak balio handiagoa du beretzat: “Bi aldiz Nascar txapelduna izatea ametsa da, nire ibilbideko titulu garrantsitsuenak direlako. TFT Banco Santander taldeari eskerrrak eman nahi dizkiot urte osoan zehar auto zoragarria eman didalako”.