Orain dela 76 urte Asturiasko hobi komun batean lurperatutako ehun bat gipuzkoar etxera itzultzeko lanak abian dira. Kandido Saseta komandante hondarribiarraren agindupean borrokan aritutako gudariak dira; tartean, bi irundar daude.
[isabel mancebo balda]
Eusko Gudarosteko buruzagi Kandido Saseta hondarribiarraren agindupean borrokatutako 80-100 bat gudarien gorpuzkinak, tartean Ambrosio eta Antonio Agirre irundarrenak, Euskal Herrira ekartzeko lanean ari dira Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. Nolabait ere, hildakoek eta horien senideek duintasuna eta memoria berreskuratzearen eta oinarrizko eskubideen defentsan egin daitekeen gutxieneko ariketa da. Izan ere, Francoren aldeko tropek Euskal Herri osoan eta Espainiako Estatuan zehar milaka lagun hil zituzten, duintasuna lapurtu eta bide bazterrean, zelairen batean edota edozein lekutan bere horretan utzi zituzten.
Ezer gutxi egiten du egun Espainiako Gobernuak Frankismoaren biktimei irtenbide bat emateko. Are gehiago, Raxoiren gobernuak memoria historikoa berreskuratzearen aldeko partida ahaztuta utzi zuen 2013. urteko aurrekontuak prestatzerakoan, eta ia %60an murriztu zuen 2012koetan.
Oroitzapenak berreskuratuz
Joserra Enparan hondarribiarrak, Muara eta Olagarro kultur elkarteekin elkarlanean, Kandido Sasetaren inguruko Euzko Gudarosteko Lagun Gudalburua liburua plazaratu zuten 1999. urtean. Hala ekin zioten Hondarribiko zenbait herritarrek Sasetaren gaineko informazioa biltzeari. Sasetaren Aldeko Taldea (SAT) ere osatu zuten. 2004an, haren jaiotzaren ehungarren urteurrena betetzen zela eta, bere omenezko plaka bat jarri zuen SATek Hondarribiko Biteri eskolan, bertan jaio baitzen buruzagia.
Urtebete beranduago jakin zuen taldeak Asturiasen, Areces herriaren inguruan bizilagunek Prado de los vascos —Euskaldunen zelaia— izena jarri zioten lekua existitzen zela. Horiek horrela, 2006. urtean hara abiatu zen Irungo eta Hondarribiko 15 bat lagunek osatutako taldea. “Helburua” azaldu du Enparanek: “Hil zituzten lekuan omenaldi bat egin genuen”.
Zehatz-mehatz
“Egun hartan ikusi genuen zehatz-mehatz non zeuden Kandido Sasetaren gorpuzkinak eta hobi komuna”, adierazi du hondarribiarrak. Ramon Valdes Suarez lekukoari esker eskuratu zuten informazioa, eta garai hartan 12 urte zeuzkan arren, argi zuen Valdesek non zeuden hildakoak. Izan ere, beste zenbait bizilagunekin batera, bere eskuekin lurperatu zituen Valdesek bertan hildako euskaldunak. Enparanen arabera, “beste janzkera bat zuen gizon bat zegoela oroitzen zen Valdes, betaurrekoduna, komandantea zena, eta hark esan zigun zehatz-mehatz: «‘Hemen dago, nik neuk lurperatu nuen gizon hura’”.
Aranzadirekin harremanetan jarri ziren orduan. “2006an izan zen hori eta orain dela bi urte zendu zen Valdes”, gogora ekarri du Enparanek.
“Areces herriaren inguruan bizilagunek ‘Euskaldunen zelaia’ zioten lekua existitzen zela jakin zuten”
2008. urteko martxoan Hondarribiara itzuli zen azkenean Saseta, eta haren senide, agintari politiko eta herritarrez inguratuta merezitako omenaldia jaso zuen.
1936ko urrian bezala, 2008ko apirilean, bonbardaketaren urteurrenarekin bat eginez Gernikara joan zen Saseta, eta harekin batera bizia galdu zuten batailoiko gudariak ere. 1936an, Jose Antonio Agirre lehendakariak kargua hartu zuenean, harekin batera ikuskatu zuen Saseta komandanteak Eusko Gudarostea. 2008an, «Gernikako arbolaren azpian Sasetaren gorpuzkinak bertan zeudela omenaldi bat egin zioten, baita berekin hildako batailoiko gudariei ere», oroitarazi du Enparanek. Haren ilobak ere bertan izan ziren, tartean Arantza Saseta, edo Yon eta Unai de Luisa Saseta. Azken horiek, Mexikotik bidaiatzea erabaki zuten osabari azken agurra emateko.
Horren ondotik, Areceseko bide bazter hura behin betiko utzi eta Hondarribiko kanposantuan atseden hartzea lortu zuen Saseta komandateak; 71 urte beranduago, lortu zuen.
80-100 bat lagun inguru daude oraindik ere Areceseko Euskaldunen zelaian. Gehienak gipuzkoarrak izan arren, Berako (Nafarroa) EAE alderdiko kide baten gorpuzkinak ere aurkitu dituzte bertan. Baita, alderdi bereko Antonio eta Ambrosio Agirre irundarrenak ere. Euskaldunen zelaia uzteko garaia helduko zaie laster.