Zubiak zubi
ANTXETATIK
Bai, zabaldu dituzte zubiak. Libre zirkula dezakegu alde batera eta bestera. Hedabide asko adi-adi egon ziren ekainaren 22an, bereziki Irun eta Hendaia arteko Pausuko zein Santiagoko zubietan. Eta badirudi, horien irekierarekin are normaltasun handiagoa etorri dela gurera, Euskal Herrira. Zer esanik ez, Behe Bidasoa eskualdera. Igandez, 22an bertan nabarmena izan zen gipuzkoar eta nafarren presentzia Hendaiako hondartzan. Eta gu pozik, egia esan. Frantsesa, Euskara eta Gaztelera, horiek izan ziren nagusi. Horiek dira nagusi Hendaian.
Nire duda da, ordea, azarotik martxora bitarte bizi izan bagenu delako itxialdia, zubien zabalerak hainbesterainoko espazio eta minutu okupatuko ote dizuten hedabideetan. Bidasoaren bi aldeetako euskal herritarrek hainbesterako gogoa izanen ote zuten Hendaiara, Zokoara edo Garazira joateko. Guztiok baitakigu jende asko errazago joaten dela Donostiatik, Lasarte-Oriatik edota Lesakatik Bilboko Ikeara, Baionarako saltokira baino. Bai, eta ez naiz deus berria asmatzen ari. Zubiak fisikoki itxi izanak, kolpatu egin gaitu bidasoarrak. Gure eguneroko bizitzan traba andana pairatu dugu hainbat astez. Esango nuke, indartu egin duela Bidasoaren eskualde izaera. Hendaiarrok sentitzen dugun Irun eta Hondarribiaren gose zein gogoa eta alderantziz.
Zubien irekiera desiratzen zuen gehiengoak hala bizitzea nahiko nuke. Eta ez soilik autoa hartu eta hondartzara etortzeko gosea. Hondarretan etzan, belztu. Berriz ere kotxea hartu eta ttak, Gipuzkoa edo Nafarroara itzuli. Hori ere, badelako muga. Hori ere badelako itxia izatea. Hemen ere, Hendaian badagoelako azokara joateko aukera, parkera, jatetxera… Nahi den lekura. Hendaian ere badagoelako aisia, kultura, gastronomia… Ezberdina? Bai, bestelakoa. Baina hori da ona ezta? Euskal Herria anitza baita.
Bide batez, udal hauteskundeetako bigarren itzulia izango dugu uda honetan. Ea honi zubien irekierak bezainbesteko espazioa eskaintzen dioten hedabideetan. Aldaketak espero baitira, Euskal Herriko aniztasunaren mesedetan.