Zubia, zubia da beti, eta ez muga
ANTXETATIK
Martxoko zutabean, apirilekoa ezberdina izanen dela pentsatzen nuen. Hala espero nuen. Baina ez. Berdin segitzen dugu. Birus baten eta haren bueltan hartzen diren erabakien gatibu. Kaleratze, ERTE eta telelana nagusitzen diren aste hauetan, nik ohiko bulegotik egin dut lana. Irrati batean, eta edozein lantokietan, dena ezin baita distantziatik egin.
Distantzia. Honi ere hamaika buelta eman dizkiot egun hauetan. Hendaiatik Irunera joan behar izan nuen joan den astean. Lanera. Joan, erraz joan nintzen. Santiago zubitik pasa nuen Bidasoa, Pausukoa itxia baitago. Etorri, ordea…
Ordu bat autoan pasa izana gutxienekoa da. Polizia frantsesari hiru bider lau paper berdin erakutsi behar izana ere, anekdotikoa da. Hauen kontrola pasa, eta eskuineko bidea hartu nuen. Aparkatu, autotik jaitsi eta ahal nuen heinean (kamera eta begiz josia baitago egun hauetan zubia, muga bilakatuz) zubirantz abiatu nintzen. 1987koa naiz ni. Oker ez banaiz 1993an kendu zituzten Santiago zubitik polizia-etxetxoak/kaiolak. Gogoratzen dut nolakoa zen Hendaiatik Irunera joateko prozesua. Baina kasik ahantzia nuen irudi hura.
Ertz batetik zubira begira jarri nintzen une hartan, ordea, hamarnaka oroitzapen dantzan hasi ziren nire buruan. Eta zerbaitek esaten dit, eta ez niri bakarrik segur aski, osasun krisi hau baliatzen ari direla zubia, muga bilakatzeko. Zubiaren muga izaera azpimarratu eta berresteko. Gauzak argi uzteko, besterik amesten dugunoi.
Seguruenik irakurle, aste guzti hauetan ez duzu zubiaren alde honetara etortzeko aukerarik izan. Krisi honek, ohitura ugari aldatu badizkigu eta aldatuko badizkigu ere, espero dut nafarrek eta gipuzkoarrek Lapurdirekiko gertutasunez segituko dutela eta alderantziz, orain arte bezala, edo gehiago.
Lapurtarron hutsunea, ez dadila soilik Irungo merkataritza eta Garberan sumatu. Hendaiako kaleetan (hondartzan ere nahiko nuke) elkar topatuko dugulakoan, animo denei eta aurrera!