Zer eskatzen du herriak?
Irungo herriak Santano eskatu du. Hamahiru urteko agintea eta gero, gutxienez beste lau urtez egotea. Bainarik gabeko garaipena lortu du; auzo guzti-guztietan gailendu da, PSEk udalerako 2.200 bozka gehiago jaso ditu aldundirako baino, 2011ko hauteskundeetan baino 1.500 lagun gehiagok eman diote botoa, Si Se Puede Irun alderdi berria sartu —indarra kendu ahal ziola zirudiena, bide […]
Irungo herriak Santano eskatu du. Hamahiru urteko agintea eta gero, gutxienez beste lau urtez egotea. Bainarik gabeko garaipena lortu du; auzo guzti-guztietan gailendu da, PSEk udalerako 2.200 bozka gehiago jaso ditu aldundirako baino, 2011ko hauteskundeetan baino 1.500 lagun gehiagok eman diote botoa, Si Se Puede Irun alderdi berria sartu —indarra kendu ahal ziola zirudiena, bide batez— eta, hala ere, duela lau urte baino zinegotzi bat gehiago erdietsi dute.
Oarso Bidasoko Hitza-k berak eman du datu hauen berri egunotan eta, egia esan, beste zerbait eskatzen genuenoi zail jarri digute betiko aitzakiei eustea. Santano jauna zerbait ondo egiten ari den seinale. Hitzetik hortzera entzuten dugu dotore ari dela uzten gure herri grisa; Mosku aldean ibiltzen garenon artean ere entzuten da hori, txukun geratu dela plaza. Baten batek esango du izar gorria falta dela, edo uraska ez dutela ez-dakit-non edo ez-dakit-nola jarri, edo beste edozein txikikeria. Baina, oro har, jaiak iaz Ficobara eramatea barkatu ez arren, pozik ikusten ditut ingurukoak obren emaitzarekin.
Agur Santano kanpaina hasi zuten batzuek, baina ukitu modernoa emate aldera ingelesez ere adierazi nahi izan zioten mezua alkateari, eta Santano game over eslogana ikusi ahal izan dugu alde guztietatik. Iragarritako heriotzaren kronika izan nahi zuten aldarriok, baina ezin ziren okerrago egon. Jardin politak nahi ditu herriak, Amaia antzokiko kultura programa onesten dute irundarrek —segur aski, nolabaitesten dute gutxi horiek—, alkateak alarde diskriminatzaileari soilik harrera egitea udaletxeko balkoian, euskara zinegotzi erdi-euskalduna eta laurden-euskaltzalea, eta Erosketen Hiria. Letra larriz, 2010eko kanpaina baten izena baita. Hori bai, modu jakin batean erosteko hiria; Kolon pasealekuko merkatal paisaia ikusi besterik ez dago, edo Arason ateak irekitzear dagoen hipermerkatua. Herriak eskatzen duena da herri atsegin bat, sinpatiko bat. Edo, are, xinpatiko bat.
Eta orain zer? Bada, agian, etsi; hauteskundeei begira, behinik behin. Asumitu, botoen bidez ez dagoela ezer askorik aldatzerik. Edo? Norbaitek uste al du, pasa den igandekoa ikusita, datozen 10-15 urteotan udaletxeko kolorea benetan aldatzerik dagoela? Goitik beherako mirarien zain egon beharrean, behetik gorako mugimendu eta ekintza alternatiboak sortu eta pixkanaka hedatzen joatea. Nekagarriagoa da: eskatzen du norberaren iniziatiba, etengabe politikariei errua botatzen ezin ibiltzea, ikaragarri arraun egitea oso gutxi aurreratzeko. Hori da geratzen zaigun bakarra.