Ustezko bakearen izenean
Urteko lehen zutabea idaztea egokitu zait. Zerbait berezia idatzi ohi da halakoetan, datorrenari eskakizunak eginez edota amaitu berri denari so, bilana eginez. Papera zuri-zuri dut nire aurrean, eta behin baino gehiagotan ezabatu dut idazten hasitakoa. Denbora aurrera doa ordea, tik-tak tik-tak… eta «arre arre!» esaten dit buruak. Jo dezagun aitzina beraz! Sobera gibelera joan gabe, […]
Urteko lehen zutabea idaztea egokitu zait. Zerbait berezia idatzi ohi da halakoetan, datorrenari eskakizunak eginez edota amaitu berri denari so, bilana eginez. Papera zuri-zuri dut nire aurrean, eta behin baino gehiagotan ezabatu dut idazten hasitakoa. Denbora aurrera doa ordea, tik-tak tik-tak… eta «arre arre!» esaten dit buruak. Jo dezagun aitzina beraz!
Sobera gibelera joan gabe, abenduan kazetari bezala izan dudan arrangura konpartitu nahiko nuke zuekin. Zentsura eta kazetaritza hain zuzen. Zilegi al da ustezko bakearen izenean, egia osoa ez esatea? Edota zilegi al da, hedabide izateaz gain, euskararen aldeko eragile izanik, bi orduko prentsaurreko bat osoki gaztelera hutsean jasan ostean, ordezkari politiko horren ahotsa irratian pasatzea?
Ipar Euskal Herrian ez bezala, euskara hizkuntza ofiziala da Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Baliabide ugari, asko (agian gehiegi nola erabiltzen dituzten ikusirik, profitatu egiten direla uste baitut) dituzte ordezkari politikoek gure hizkuntza ikasi eta erabiltzen trebatzeko. Bi, bost, hamar urte edo gehiago horretan ibili eta hala ere, deus ere ez! Emaitzarik ez! Bai ikasle txarrak ezta? Ikasle garaian ez nuen hainbeste aukera izaten nik.
Kasu honetan, Irungo alkateari buruz ari naiz. Baina ez da bakarra, ez. Antxeta Irratitik galdera pare bat euskaraz pausatu arren, gaztelera hutsean erantzun zituen, «milesker» ez deus esan gabe. Egun onik ere ez zigun opa, «Buenos dias» bakarrik. Barkatu, ez, uste dut «agur» esan zidala ondoren.
Eta zentsura edota autozentsurari dagokionez, bai gertatu egin zait. Egin. egin dut, beti ere ustezko bakearen izenean, eta batzuekiko errespetuz. Nire iritziz gaizki egina badago ere, barkamena eskatzea besterik ez zait gelditzen. Moralitate edo esaldi egin pare bat soilik erantsiko ditut.
Batetik gezurrak zango motzak dituela esango nuke, eta bestetik, denborak guztiak jartzen gaituela gure tokian. Den-denak, urteak pasa arren ere!
2017.urte honetan adi egonen naiz, hurbilekoenek ere ziria sartzen ahal dizutela ikasi baitut berriki, eta atsekabez amaitu nuen urtea. Baina erortzen ikasten da, ezta? Urte berri on eta mila pott!