Txikitik handia ere eraikitzen da
ANTXETATIK
Eztabaida sutsu eta deserosoa irakurri dut aste honetan Twitter munduan, Ehuntzen iniziatiba dela eta. Arabar bat (uste dut arabarra dela, baina ez du inporta hala ez bada) kexatzen ari zen, taldeak berak ez baitu deus prestatu edo antolatu Araban. 2020. urteko otsailaren 15a izango da iniziatibaren egun handia. Euskal Errepublika aldarrikatzeko eguna izanen da. 21 herri batu dira dagoeneko aldarrikapenera. Lapurdi, Nafarroa Garaia, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietako herriak (zerrenda osoa prentsan argitaratu da aste honetan) daude horien artean.
Ustezko arabar honek, gipuzkoarrentzako eraikitzen ari den Euskal Herri bat aipatzen zuen. Gipuzkoatik, gipuzkoarrentzat eta gipuzkeraz… Hastapen batean, ulertu nuen bere kexa. Hendaiar eta lapurtar bezala sarri sentitu izan baitut halako zerbait, ez bereziki Gipuzkoarekin tematua, bai ordea Bidasoaren alde horretarako lurralde zati handienarekin. Euskal Autonomia Erkidegoa deitzen den horrekin. Bistan da, norberak norbere periferiatik ikusten du dena. Jakin eta ikasi egin behar da, ordea, harago begiratzen. Goragotik, eta nire ustez behintzat autokritika eginez.
Izan ere, bidez eta moldez nahastu dela esango nuke. Iruditzen baitzait zer eta non antolatua izanen den ez dutela besteek egin behar. Ez duela Ehuntzen ekimenak erabaki behar (kasu honetan) Arabako herriren batek otsailaren 15ean zerbait eginen duen ala ez. Herri horretako herritarrek baizik.
Are gehiago, txiolari horrek nahitara eginiko huts egite bat balitz bezala egiten zuen salaketa. Duda dut zinez kontziente ote zen esaten eta ulertarazten ari zenaz. Modu publiko batean gainera. Gu, euskaldunok harrika beti gure artean.
Asko ote dira Euskal Herria Gipuzkoatik, gipuzkoarrentzat eta gipuzkeraz eraikitzen ari direla eta ari dela pentsatzen dutenak? Nola jakin?
Do it yourself irakurtzen da gaur egun han eta hemen. Egin dezagun bada, ezta? Ez gaitezen kexa, ez diezaiegun besteei errurik bota, aterabidea geuk ere eskuetan baldin badugu! Tokian tokikoa eginez, asko eraikitzen da. Alegia, txikitik handia ere eraikitzen da. Hori badakigu, ezta?
Irakurri dudanez, Hendaia ere batu da ekimenera. Izanen dugu, beraz, zer eta nola aldarrikatu. Bitartean ehuntzen segitu beharko!