Txikitik, baina aurrera
ANTXETATIK
Txikitik eragitea zaila izan ohi dela pentsatzen dugu, sarri aurkakoa entzun arren. Askotan esan izan baitigute guri: «Antxeta Irratia, ongi zarete!». Norbera mundu horren parte denean, ordea, kosta egiten da, kide den eragilearen indarraz jabetzea. Zaila egiten zaigu irrati komunitario batek duen indarra irudikatzea. Guk geuk ere, kasik egunero horren aldarrikapena egiten badugu ere.
«Irrati komunitarioak, euskararen aldeko eragileak dira, irrati komunitarioak feminismoaren aldeko eragileak dira, irrati komunitarioak jendarte inklusibo bat lortzeko tresnak dira, irrati komunitarioak…», zerrenda oso luzea da.
Eta bai, hala da. Beraz, abenduaren lehenean AntxetaBi irratia, Donostian, Iruñean, Bilbon eta Gasteizen martxan jarri genuenetik, pentsa zenbat diren jaso ditugun mezu baikorrak (bide batez milesker guztioi)!
Kosta egin zait, hartu dugun dimentsioaz jabetzea, kontzientziatzea.
Luzea izan da bidea. Eta neketsua ere bai. Harago begiratzen erakutsi dit, gainera. Kontua ez baita Antxeta2 Bidasoaren beste aldeko lau hiriburuetan entzun ahal izatea. Ez. Irrati frekuentzien mundu erdalduna pittin bat gehiago euskalduntzea baizik. Irrati kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzea baizik. Komunikatzeko eta komunikazioa jasotzeko dugun eskubidea bermatzea baizik (txikitik bada ere).
Herri hedabideek osatzen duten komunikabideen hirugarren sektorea garatzen ari da. Lokomotora erritmoan bai, baina ari da. Eta jakin, erritmoa ez dugula guk jartzen. Hirugarren sektorea ez garatzea interesatzen zaion horrek baizik. Betiko horrek, bai. Botereak.
Lortu dugu, ordea, eta aurrera ekingo dugu. Beraz, badakizu, bila gaitzazu dialean. Ez dut frekuentziarik emanen, irratian zapping egitea ere oso polita baita.
Milesker zuri entzule!