Pornografia sanferminetan
Lagun batek kontatu zidan, zeinari lagun batek esan zion, eta aldi berean honek ezagun bati entzun, kezkatuta dagoela pornografia mainstream-ak azken aldian hartu duen norabidearekin. Oso ezaguna omen den webgune porno bati buruz ari zen, sarean erabateko nagusitasuna erdietsi duena. Eskaintza ezin zabalagoa dauka, eta eduki gehienak dohainik. Eszenak deskribatzeari ekin zion orduan nire lagunak, […]
Lagun batek kontatu zidan, zeinari lagun batek esan zion, eta aldi berean honek ezagun bati entzun, kezkatuta dagoela pornografia mainstream-ak azken aldian hartu duen norabidearekin. Oso ezaguna omen den webgune porno bati buruz ari zen, sarean erabateko nagusitasuna erdietsi duena. Eskaintza ezin zabalagoa dauka, eta eduki gehienak dohainik.
Eszenak deskribatzeari ekin zion orduan nire lagunak, zeinak hirugarren eskuko informazioa besterik ez omen zuen. Arrunta dela, emakumeak gizonari zakila miazkatzen dionean, ahalik eta sakonen irensten ahalegintzea. Neskak ezin edo nahi ez duenean, gizonak laguntzen diola gupidagabe eta, burutik helduta edo ile-xerlotik tira eginda, beregana bultzatzen duela, fisikoki nola gerta daitekeen ere irudikatzea zaila den maniobra osatuz. Emakumeak gehiago ezin duenean —edo gizonak uste duenean emakumeak ezin duela gehiago—, askatu egiten du, eskuzabal antzean. Atseden apur bat hartzen uzten dio, eta emakumea, arnasestuka, begietara so geratzen zaio, irribarretsu sarritan, behartutako itomen horrek plazera eman balio bezala. Praktika hori atsegina izan balitzaio bezala.
Are, bi eskuekin lepotik gogor estutzera iristen omen dira batzuetan, emakumea itoz, aurpegi guztiz gorrituak aditzera ematen duenez. Are gehiago, horrela saltzen omen dute ongien bideo mota hori, puntu indartsua indarkeria keinua balitz bezala. Lagunak harriduraz entzun zion bere lagunari, ez dagoela aparteko atal bat, Bortxaketak deitzen dena; gehienak daudela halako ukituz zipriztinduta. Deep throat film klasikoari gorazarre makurra egiten omen diote gero eta bideo gehiagok.
Nire lagunak berehala lotu zuen joera hori Iruñeako San Fermin Jaietan jazotako eszena deitoragarriarekin, zeinetan morroi batek sexu harremanak izatera derrigortu zuen 19 urteko emakume gaztea. Izan ere, bortxatzaileak lagunak zituen ate atzean barrez, pantailarena egiten, inork ez zezan enbarazurik egin. Nire lagunak bere buruari honakoa galdetzen dio: lagunen bat berotu ote zen ikuskizuna imajinatze hutsarekin? Pasatuko al zuen atearen muga eta sartuko ahal zen komunean, gustura, dena aurrez aurre ikusi ahal izateko? Baten bati tentetu ote zitzaion buztana, eta are, fereka egin ote zion, ondoan zuena gozamen iturri suertatzen ari zitzaiola eta?
Bortxakeria gozagarri baitzaie askori; mundu birtual anonimo eta koldarrean, eta benetakoan, antza denez, ere bai.