Saiatu naiz lasai paseatzen. Naturaltasunez begiratzen paisaiari eta nire burua aske uzten. Usaian bezala. Musika pittin bat edo podcast interesgarri bat entzunez. Baina ezin izan dut. Bidegorrian noa, aurrera, Kaneta porturik, Pausu ingurura. Eskuin aldera joaten zait begirada, ordea, eta ez nago trankil.
Hortxe ikusten ditut lehenik Hondarribia eta ondoren Irun. Bata bestearen ondoan. Udaberri giroko neguko igande honetan, biak ala biak eder (askorentzat agian Irun itsusia da, baina zer nahi duzue esatea, nik atsegin dut). Hortxe ditut biak. Hain gertu eta hain urrun. Lanera joan naiteke eta joaten naiz. Baina gozatzera ez. Lagun, bikote, haur edo familian une goxo zein lasai bat pasatzera ez. Jakin badakidalako bidea oztopatu, trabatu eta debekatuko didan polizia kontrol bat pasako dudala gutxienez. Eta egia esan, Hendaian sartzeko bortxaz, bai ala bai pasa eta jasan behar dudan polizia kontrolarekin aski dut. Nahikoa dut.
Zaila zait sentitzen dudana adierazten, baina ziur nago, irakurle batek baino gehiagok sentimendu berdinak bor-borrean dituela.
Igande goiz honetan, orain dela urte batzuk aita eta beste asko, sentitzen ziren gisan sentitu nintzen ni. Nahi eta ezin. Haur bati goxoki bat erakutsi eta berehala kendu baliote bezala. Jateko, dastatzeko, gozatzeko aukerarik eman gabe. Zenbat aldiz esan ote nion aitari «aita, hau ere Euskal Herria da, zergatik zubia pasatzeko halako grina?». «Zatitua sentitzen naiz», erantzuten zidan. «Nire herrira ezin joanik». Hori bera etorri zitzaidan niri burura igandean. «Zatitua sentitzen naiz ni ere», aitortu nion nire buruari. Beti ustez libre bizi, sentitu, ikusi izan dudan eremua, murriztu egin baitidate pandemia baten izenean.
Hendaiar bezain bidasoarra sentitzen bainaiz. Eta beldur naiz, noiz arte iraungo ote duen honek. Noiz hasi zen badakigulako, baina inork ez digu esaten noiz arte jarraituko duten mugak inposatzen. Birusak behintzat frogatu duelako ez duela nazionalitaterik, munduarra sentitzen dela eta ez duela deusek bere bidea zein bidaia trabatuko. Horretan, ez du nortasun faltarik.
Birus madarikatuari aurre egiteko sendagileek norberaren osasun maila modu orokorrean zaintzeko aholkatzen dute. Ez soilik agintariek inposatzen dizkiguten neurrien bueltan dantzan. Aholkatzen dute kirola egiteko, ongi jateko, kultura kontsumitzeko, ongi lo egiteko, elkar maitatzeko, irri egiteko… Azken hauek, eskuak garbitzea, eremu txikiak aireztatzea, musukoak janztea, distantziak mantentzea… bezain garrantzitsuak dira.
Egiari zor, zatituta sentiturik, nire osasun maila ez da bere onenera helduko. Eta bakarra ez naizela esango nuke. Osorik sentitu nahi dut berriz ere epe motzean, eta Bidasoa zein Euskal Herria bere osotasunean gozatu. 5