Nortasun agiriak
Oraindik ere inoiz edo behinka txistorraren gustua etortzen zait ahora lerro hauek idazten ari naizela. Aurreko larunbatean Txerri Egunarekin hasitako egunen ajea izango da oraindik, ziurrenik. Urtearen bukaerako errepasoak izan ohi dira ohiko garai hauetan. Baina, erabaki dut ezetz. Ez dudala hori egingo. Aste honetan Espainiako nortasun agiria berritu behar izan dut. Eta hortxe joan […]
Oraindik ere inoiz edo behinka txistorraren gustua etortzen zait ahora lerro hauek idazten ari naizela. Aurreko larunbatean Txerri Egunarekin hasitako egunen ajea izango da oraindik, ziurrenik. Urtearen bukaerako errepasoak izan ohi dira ohiko garai hauetan. Baina, erabaki dut ezetz. Ez dudala hori egingo.
Aste honetan Espainiako nortasun agiria berritu behar izan dut. Eta hortxe joan behar izan dut Espainiako Poliziaren Donostiako egoitza berrira. Atean Meliton Manzanasen izenarekin hasten zen zerrenda batekin egin nuen topo; eskualde honetan nahiko ezaguna izan zen gizona, eta bere garaiak ezagutu ez banituen ere, haren izena behin baino gehiagotan entzun dut, eta ez positiboki, prezisamente.
Behin Polizia etxe barruan, nire izen-abizenak emandakoan «¿cómo?» harritu batekin jarraitu zuen periploak. Ondoren, nire txanda egokitu zenean, funtzionarioaren aurrean eseri nintzen. Karneta berritu arte han eserita pasatu nuen denboran ez zidan behin ere aurpegira begiratu. Bere nortasuna agerian behintzat utzi zidan.
Alboan eserita zeukan Vanessarekin aritu zen hizketan etengabe. Behin hara joanda, pasaportea berritzeko aukera ote nuen —aprobetxatuz— galdetu nahi nuen. Baina, tira, galdetu aurretik banekien parean nuen emakumearen erantzuna ezezkoa izango zela. Vanessaren senarraren faringitisa eta gaixo txar izaeraz, alaben eskolaz eta abarrez (egia berdaderoa da kontatzen ari naizena) informatu ostean, tentazioa izan nuen poltsatik Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzgua ateratzeko. Nik ere nortasunen bat adierazteko. Baina politessak (edo agian Polizia etxe batean egoteak sortzen duen deserosotasunak) zuhurtzia mantentzera eraman ninduen.
Eta nortasunez ari garela. Atzoko egunera egingo dut buelta. Azken urteetan iruditzen zait geroz eta jende gutxiago janzten dela baserritarrez Santomasetan. Oraindik ez dakit horrek penatzen nauen, edo pozten. Izan ere, agian bai, agian ez dugu baserritarrez jantzi behar. Dagoeneko ez garela baserritarrak. Dagoeneko ez garelako euskaldun.
Dagoeneko ez garelako ia haragijale ere. Eta dena folklorismo hutsa delako. Eta jarraitu beharko dugu Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuaren ildoa —duela urte batzuk egunkari honentzako zutabe bat idazten zuen, eta akaso oraindik ere irakurle izaten jarraituko du—: San Tomas egunez txaketaz janzten. Hori delako, egun, gure kultura… edo ez?