Normal
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Miguel-Anxó Murado galiziarrari bere Fin de século en Palestina bikainean irakurri nion indiferentzia dela Jerusalemen tolerantziak agertzen duen aurpegi bakarra. Hiri Santuko tribuek elkarri ez ikusiarena egiteari uzten diotenean, talka izaten omen da berandu gabe. Horren lekukotza duela gutxitik bizileku dudan Heleni Ha-Malka kalean daukat. Bibliak ederki famatzen du Helena Adiabeneko erregina, bihotz onekoa omen zen oso. Baina 2020ko Jerusalemen bere izena daraman kaleak gehiago du Muradotik eskritura santuetatik baino. Eta azal dezadan zergatik.
Etxe azpian hainbat taberna ditut, hiriko hipsterren, beganoen eta LGBTQ kolektiboaren babesleku direnak. Horrekin nahikoa ez, eta Sabbatez irekitzeko bizio jentilari emanak dira ostatu hauek. Bekatu askotxo 5 minutu eskasera dagoen Mea Shearim auzo judu ultraortodoxoarentzat. Hala, larunbatero, bertako zenbait bizilagun inguratzen dira taberna hauek eskratxeatzera eta bizimodu degeneratua daramaten horiek jainkoaren izenean madarikatzera.
Hiri Santuko oasitxo libertino honen parean, kontrako espaloian, bada pareta bat txarrantxa zatar batek babestua. Horma susmagarri horren atzean Lev Habirako komisaria dago. Han ematen dituzte lehen orduak eta egunak Ekialdeko Jerusalemen eta Zisjordanian atxilotutako palestinar askok, erabateko inkomunikazioan. Bertatik pasa dira, besteak beste, egun Israelgo kartzeletan preso diren 194 adingabe palestinarretako asko. Istanbulgo Protokoloa irakasten den egunean pira egin zuten bertako galdeketen ardura duten poliziek, eta itaunketa horietan aitortu eta sinatutakoak aitzaki, atxilotuak mugagabeko espetxealdira bidal ditzakete inolako akusazio formalik gabe. Bada halako atxiloaldi administratiboan zortzi urte eman dituenik.
Iyad Al-Halqek ez zuen Lev Habira ezagutzeko pribilejiorik izan. Pasa den maiatzaren 30ean, etxetik eskolara bidean irten zen 32 urteko behar berezidun ikasle palestinarra. Hiri Zaharreko sarrera zaintzen ari ziren polizia israeldarrei iruditu zitzaien arma bat zekarrela gainean Iyadek. Polizien oihuen aurrean, etorri bidetik ihesari eman zion ikasleak, baina bertan akabatu zuten poliziek tiroz. Gainean zeraman balizko armaren arrastorik ez zen topatu.
Ilunabar hartan, Iyaden erailketa salatzeko manifestazioa pasa zen Heleni Ha-Malka kaletik. Ehun bat lagun bildu ziren Lev Habirako komisariaren aurrean protestan, judu israeldarrak gehienak. Mikrofonoa gazte palestinar batek hartu zuen ekitaldiaren amaieran, eta bizpahiru minutuko harenga beroa bota zuen. Hebreera ederrean bota ere, inork hitz-erdirik ulertuko bazion.
Koronabirusaren aurreko normaltasun prekariora itzultzeko gogorik ez dugu askok, eta ondorenak ekarriko digunaren izua ere hasi zaigu erasaten. Bien bitartean, Jerusalem badator apurka normaltasun post-koronabirikora, pandemiaren aurretik jadanik bazuen anormaltasun makabro horretara.