Libre, libre izan nahi dut!
ANTXETATIK
Uste nuen beste modu batean amaituko nuela ikasturtea. Hasi zenean, txantxa bat izanen zela pentsatzen nuen. Epe oso motzerako inposaketa bat. Amesgaizto bat. Baina zinez pentsatu nuen, ez zidala nire bizitza hainbeste baldintzatuko. Bada, oker nengoen. Oso oker gainera. Dena hankaz gora jarri digu bitxo nazkanteak. Tira, bitxoak baino, barkatuko nauzue, baina nire ustez, bitxoa asmatu dutenak, eta menperatzen dutenak. Bitxoa-ren existentziari etekina eta errentagarritasuna ateratzen diotenak. Horiek jarri digute dena itzulipurdika. Haien gogo, behar eta interesen arabera.
Eta sentsazioa dut men egin dugula, robotak bagina bezala. Pentsatzeko, jaramonik ez egiteko, edo oldartzeko gaitasunik ez bagenu bezala. Eta okerrenak, polizia izatera jolasten duten bizilagunak dira. Itsu-itsuan agintari zokor-mazoek diotena betetzen dutenak eta guztioi betearazten dizkigutenak. Eta kasu, ni zorionez Hendaian bizi naiz, eta benetan diot, Bidasoaren alde batean zein bestean, egoera oso modu ezberdinean bizitzen ari garela. Ez ezberdinak, hobeak edo okerragoak garelako. Baizik eta, Sanchez eta Macron erabaki edo neurri ezberdinak hartzen ari direlako baizik.
Badirudi, gizatasun handiagokoa dela frantsesa. Haurrei begira gutxienez. Eta badakit, egunen batean, agian hau argitaratu eta berehala, damutuko naizela publikoki halako zerbait idatzi izanaz. Horra nire haserrea, beraz, bitxoa-rekin eta haren bueltan dantzan jarri gaituztenekin, datuak eta datuak emanez.
Ez al dira pertsona gehiago gosez hiltzen munduan egunero COVID-19arekin baino? Eta indarkeria matxistarekin? Baina ez, ez, ez. Hauek sistemak isildu egiten ditu, kapitalismoari komeni zaizkiolako. Batzuk ondo dauden bitartean, beste batzuk sufritzea zilegi delako, beti ere ongi dagoena, azal zuriko gizon ile horia bada. Bai, dei nazazue erradikala, baina hala pentsatzen dut.
Asteburuan lepo bete da Hendaiako hondartza. Hondarribikoa pentsatzen dut ez zela hain betea egonen. Lapurdin, momentuz, leku itxi publikoetan soilik jantzi behar baitugu muturrekoa (ezin diot musukoa deitu, barka nazazue). Beraz, gatibu egonik ere, aski libre gaude.
Uda ona pasa dezazuela, askatasun sentimendua galdu gabe eta aldarrikatuz!