Kafea, pintxoak eta berraragitzea
Imajinatu edozein astegunetako goizetako 11ak ingurua Amazkarren. Kafesne beroa katiluan eta pintxo bat eskuan (hirugiharra eta perretxiko errebueltoa; edo ahuntz gazta tipularekin). Eta hasi hizketan berraragitzeaz. Tarteka, ikasle garaian pisukide izan nuen eta gaur oraindik kafea hartzeko elkartzen naizen lagun batek eta biok hitz egiten dugu berraragitzearen inguruan dauden teoria ezberdinei buruz batzuetan, lehenengo parrafoan […]
Imajinatu edozein astegunetako goizetako 11ak ingurua Amazkarren. Kafesne beroa katiluan eta pintxo bat eskuan (hirugiharra eta perretxiko errebueltoa; edo ahuntz gazta tipularekin). Eta hasi hizketan berraragitzeaz. Tarteka, ikasle garaian pisukide izan nuen eta gaur oraindik kafea hartzeko elkartzen naizen lagun batek eta biok hitz egiten dugu berraragitzearen inguruan dauden teoria ezberdinei buruz batzuetan, lehenengo parrafoan marraztu dudan Edward Hopperren koadro horretan.
Abiapuntu ezberdinak ditugu, baina: Guruk sinetsi nahi du berraragitzean. Nik, ez.
Zenbait teoriak esaten omen dute beti berraragituko zarela zure espeziean, dagoeneko munduan existitzen zaren espeziean.
Bada euli gizaixoak. Imajinatu behin eta berriz jaiotzea, eta leihoetatik sartzen jakin, baina ateratzen ez jakitea! (Gas potoekin akabatzeari buruz zerbait idaztera nindoan, baina tira, gas potoekin erasotua izateko ez duzu eulia izan beharrik; izan zaitezke gizaki ere).
Beste teoria batzuek, azkena bizitu duzun bizitzan portatu zarenaren arabera berraragituko zarela diote. Ongi portatu bazara, hurrengo bizitzak sarituko omen zaitu; bestela, zigortu. Baina zer da ongi portatzea? Eta gaizki portatzea? Ongia eta gaizkia erlatiboak direlako, eta batentzako ongi portatzea dena bestearentzako gaiztakeria hutsa da —ongia eta gaizki ulertzeko era bakarra ez dagoelako daude mundu honetan alderdi politiko diferenteak, fede ezberdinak…—.
Eta nire galdera da… berraragitzen bagara, zergatik pentsatzen dugu automatikoki, gizaki sortuko garela berriro, eta biziko garela lehen mundua deitzen diogun honetan, eta berraragituko garela gutxienez gaur egun dugun bizi mailan?
Izan ere, gu baino baldintza okerragoetan bizi da humanitatearen zatirik handiena. Beraz, ez al da egozentrikoegia pentsatzea berraragituko garela orain bizi garen baldintza baino hobeagoetan?
Teorizazio hauen ondorioa, argia da: «Guru, hurrengo bizitzan labezomorro bat izango zara». Ez dago beste bueltarik. Baina, labezomorroak izan bagintezke, nork nahiko luke berraragitu?
Nik beti esan izan dut ez dudala sinetsi nahi badenik hurrengo bizitzarik. Ez al da nahikoa bakar hau, bere gauza on eta txarrekin?
Baina berraragitzerik badagoen ez dakigunez, goizetan kafea eta pintxoa hartzen segitu beharko dugu, Guru.
On dagizuela!