Jaion XII
Badator Jaionen 12. urteurrena. Ez dakienarentzat, Irungo Lakaxitaren urteko jai nagusia da. Bertako asanbladak hartu ohi du antolatzeko ardura, baina inguruko jende askok laguntzen du zeregin ezberdinetan: barra atzean, garbiketan, sarreran segurata lanetan… Arratsaldeko 5ak aldera kamioi bat ateratzen da Moskutik. Eraberritutako plazan bertan entzuten dira lehenengo akordeak. Kamioia abiatu baino lehen hurbiltzea gehiegizkotzat jotzen […]
Badator Jaionen 12. urteurrena. Ez dakienarentzat, Irungo Lakaxitaren urteko jai nagusia da. Bertako asanbladak hartu ohi du antolatzeko ardura, baina inguruko jende askok laguntzen du zeregin ezberdinetan: barra atzean, garbiketan, sarreran segurata lanetan…
Arratsaldeko 5ak aldera kamioi bat ateratzen da Moskutik. Eraberritutako plazan bertan entzuten dira lehenengo akordeak. Kamioia abiatu baino lehen hurbiltzea gehiegizkotzat jotzen dute ikus-entzule gehienek. Behar baino gehiago nabarmentzea suposatuko luke; are, batzuentzat, nolabait posizionatzea. Kamioi gainean tributu-talde batek jo ohi du, eta aurten Sex Pistols talde punk ingelesa omenduko du emakume gaztez osaturiko laukote bidasoarrak. San Martzial kalean gora, jende dezente batuko da kamioiaren atzean dantzan, abesten, hitz egiten eta edaten. Orden horretan, arraroenetik ohikoeneraino. Ganberroren batek jaia eta politika nahastuko ditu, eta agian Santanoren kontrako oihu batzuk ere entzun ahalko dira, Irun oso eder utzi duela deritzoten amonen haserrea sorraraziz.
Behin Lakaxitara iritsita, kontzertua ikusi nahi duenak 5 eurotxo ordaindu beharko ditu. Baten bat kexu azalduko da, ea nola litekeen gaztetxe batean sarrera kobratzea, bateraezinak balira bezala, eta gaztetxearentzat kontraesana izatera iritsi daitekeela aditzera emanez. Zer egingo zaio, musikari diruzale horiei gastuak estaltzeko zerbait ematea gustatzen zaie antolatzaileei. Gainera, 2015eko ekitaldian taldeak ez dira nolanahikoak izango. Hasteko, Perlak post-punk talde zarauztarra igoko da Lakaxitako hormigoizko eszenatokira. Nahiko musika lasaia, baina euskal musika eszena ezagutzen duenarentzat ez da talde berria izango. Ondoren, Sestao ingurutik Eten; kultuzko taldetxotzat har dezakeguna. Taldetxo diot, bi kide baizik ez direlako, baxua erabiltzeari muzin eginez. Benetan hautu aproposa nire ustez. Azkenik, Zezenaren Taldea: punk boltxebike autoizendatua, nondik eta Nafarroa Beheretik. To, exotismoa!
Hau dena apirilaren 18an. Edozertan lagundu nahi baduzu asko eskertuko dizute. Besterik gabe festan parte hartu eta sarrera ordaindu nahi baduzu, ongi etorria izango zara. Gaztetxe batean ordaintzea ez baduzu begi onez ikusten, atzealdetik sar zaitezke, Leka Enea eskolaren ondotik, seguratei iskin eginez, zure ideiekin koherenteago izate aldera.
Lantokira tipo errumaniar bat etorri zitzaigun hilabeterako, eta Arrasateko gaztetxera eraman genuen kontzertu bat ikustera. Gainetik azaldu genion gaztetxeak zer diren, eta erantzun zigun oso cool sentitzen zela halako leku batean egonda. Zuk ere antzeko emozioak sentitu nahi badituzu, ez galdu aurtengo hitzordua.