Irun Moskuko herdoila
Juanma Sarasola kazetari irundarraren Moskuko urrea liburukotea ari naiz irakurtzen, azken urte luzeotan ondutakoa. Agian norbaiti ezaguna egingo zaio; 1980eko hamarkadan egon omen zen mugimendu bat, berehala Rock Radical Vasco etiketapean harat eta honat saltzen ibili zirena. Tira, liburua excusatio non petita batekin hasten da. «Zer ez den liburu hau», ohartarazten digu autoreak. Eta zer […]
Juanma Sarasola kazetari irundarraren Moskuko urrea liburukotea ari naiz irakurtzen, azken urte luzeotan ondutakoa. Agian norbaiti ezaguna egingo zaio; 1980eko hamarkadan egon omen zen mugimendu bat, berehala Rock Radical Vasco etiketapean harat eta honat saltzen ibili zirena.
Tira, liburua excusatio non petita batekin hasten da. «Zer ez den liburu hau», ohartarazten digu autoreak. Eta zer ez da? Bada, «ez da nostalgia edo oroiminez blaitutako testigantzen bilduma». Domaia, handik bi orrialdera accusatio manifesta irakurri beharra: «Ekintza zuzenaren, inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren nahiz sormenaren garai haietatik badugu zer ikasia».
2011n dokumental berria aurkeztu zuen Begoña Atutxak, Rock Radical Vasco: la gran martxa de los 80 izenekoa. Joan ginen aurkezpenera, Bilboko Alondegira, eta emanaldiaren ondoren Atutxa bera, Fermin Etxegoien —gidoigilea—, eta Roberto Moso solasaldi ederrean. Eta hirurak, autokonplazentziaz, zeinen beharrezkoa zen halako lan bat, garai hura ez dadin ahanzturan erori. Niri geratu zitzaidan aho zaporea bestelakoa izan zen: «Joe, hauek nahiago dute ikusi (eta erakutsi!) zer izan ziren, edo zer uste duten izan zirela eta ez zer diren gaur egun, zer ez duten lortu izatea».
Baina beno, txikikeriak alde batera utzita, beti dago ondo zure senideen droga kontsumoaren gainean xehetasun gehiago jakitea. Morbo apur bat ematen dio kontakizunari. Horrez gain, liburuko 82. orrialdera arte ez nintzela konturatu Zikinbrillo oximoron bat zenik.
Txikikerietara bueltatuta, nire aspaldiko susmoa baieztatzen ari da pixkanaka, liburuan aurrera egin ahala. 1970-80ko eztanda kultural-alternatibo-politiko-militantea erabat minoritarioa zela, alegia. Ez gaur egun dagoen mugimendua bezain txikia, baina gehiengo handiarentzat ikusezina zela orduan ere. Orduan loratu ziren fanzine eta abarrak Euskal Herrian, baina beti izan ziren gutxiengoak eginak, gutxiengoak kontsumituak. Saltzen zaiguna, ordea, beste zerbait da; badirudi 1980eko hamarraldian eraikin huts bat okupatzen ari ez zena fanzine berri bat sortzen ari zela, edo irrati libre bateko programa batean esatari ez zebilena, bere lehenengo heroina dosia ziztatzen ari zela.
Gehienak errentetatik bizi direla? Uf, hori asko esatea da, kontuan hartuta zer uste duten egin zutela belaunaldi hartakoek. Zorionez, ez dut uste egungo gaztetxoentzat inolako erreferente denik RRV mugimendua. Ez die aurrera egitea eragotziko, ez dute guk eraman behar izan dugun zama gainean izango. Hori bai, hasi beharko dugu beste dokumental bat egitea pentsatzen, ez ahal dira Evaristo eta enparauak azkenean ahanzturan eroriko!