Irun Bertsoak berriro
Pasa den hilean ospatutako Moskuko jaiak antolatzeko garaian, egitaraua betetzeko lanetan, tartea eman zitzaien bertsolariei. Bi tarte, hobeto esanda; larunbatekoan, bazkalosteko bertso-triki-poteo klasikoan izan ziren, Irunabar bertso elkartearen urteroko eskuzabaltasunari esker. Irungo edo inguruko hiru bertsolari, pare bat orduz, trikitilariekin —eta biolinjole batekin— txandakatuz. Gai umoretsuak izan zituzten hizpide, egoerak hala eskatzen duenez gero. Tabernetako […]
Pasa den hilean ospatutako Moskuko jaiak antolatzeko garaian, egitaraua betetzeko lanetan, tartea eman zitzaien bertsolariei. Bi tarte, hobeto esanda; larunbatekoan, bazkalosteko bertso-triki-poteo klasikoan izan ziren, Irunabar bertso elkartearen urteroko eskuzabaltasunari esker. Irungo edo inguruko hiru bertsolari, pare bat orduz, trikitilariekin —eta biolinjole batekin— txandakatuz. Gai umoretsuak izan zituzten hizpide, egoerak hala eskatzen duenez gero. Tabernetako batean ez nintzen sartu, kanpoan geratu nintzen airea hartzen, eta lagun bat hasi zen purrustada alaiean, ea noiz arte jarraituko dugun bertsoak entzuten, beti gauza bera direla, jendea dagoeneko aspertuta dagoela, eta abar.
Kortxoenean izan ginen duela egun batzuk, eta tokatu zitzaigun beste bertsolari batzuei entzutea. Igo ziren eraikinaren gainera, eta hasi ziren bertsotan. Eta erreparatzen diozu errespetuz eserita eta bertsolariei begira dagoen publikoari, eta konturatzen zara gutxi batzuek bakarrik egiten dietela kasu, gehienak hitz eta pitz ari direla haien artean, nahiz eta hor goian dagoena puntako bertsolari taldea izan. Ordurako, han inguruan zebilen herrikide bat erdi ihesean ikusia nuen, ahapeka guri esanez «total, badakit ze esango didaten: autogestioa, kultura herriarena…». Esan gabe doa hala izan zela, eta nik ezin lagunaren esaldia burutik atera.
Bi bertso-saio hauetan entzun nuen mespretxuzko aipamen bana, esan bezala. Inguruko guay-enek egindako aipamenak, bidenabar. Ez diot guay zentzu txarrean, are, onean diot; ez al da garrantzitsua guay horiei zer iruditzen zaien? Jendea erakartzeko erakargarria izan behar, noski.
Bertsogintzak, dirudienez, aspaldi aurreikusi zuen jarrera hau, eta berritzeko borondatea erakutsi du azken urte hauetan: bertso-bazkariak, arestian aipatutako bertso-triki-poteoak, batzuetan sexu ukituarekin, edo genero aldarrikapenarekin, bertso saio musikatuak, bertsolariek abestutako abestiak baina funtsean bertsoak diruditenak…
Noiz arte iraungo du bertsolaritzak? Betirako? Momentuz, behintzat, ezin zaio arrakastarik ukatu. Euskal Herriko Txapelketan finalean biltzen diren 14.000 lagunek irudikatzen dute bertsolaritzaren tiroia, Jazzaldian hondartzan eskaintzen den kontzertuan 50.000 lagun biltzeak euskaldunon jazzaletasuna irudikatzen duen bezainbat, Egañak berak bataiatutako «Meza Santuaren sindromearen» erakusgarri.
Segur aski gauza hauek ez dira inoiz eztabaidatu ahal izango. Eta ez nago bertsolaritzaren kontra, inola ere; are gehiago, oso alde nago. Baina, batzuetan, zalantzak sortzen zaizkit.