Irudimenaren alde
Eta zeinek kantatu zuen bertsoa?». Horixe izan da aste honetan amonak egin didan galdera, Haurtzaro Ikastola ireki zela 50 urte bete direla eta, joan den igandean ikastola sortu zuten gurasoen omenaldiaz hizketan ari ginela biok. Izan ere, nola egongo da ekitaldi bat —are gehiago, omenaldi bat— Euskal Herrian, Oiartzunen, non bertsorik botako ez den? «Inork […]
Eta zeinek kantatu zuen bertsoa?». Horixe izan da aste honetan amonak egin didan galdera, Haurtzaro Ikastola ireki zela 50 urte bete direla eta, joan den igandean ikastola sortu zuten gurasoen omenaldiaz hizketan ari ginela biok.
Izan ere, nola egongo da ekitaldi bat —are gehiago, omenaldi bat— Euskal Herrian, Oiartzunen, non bertsorik botako ez den?
«Inork ez, amona».
Baina badaezpada, bigarren aldiz galdera bera egin zidan amonak: «Zeinek kantatu zuen bertsoa?». Inposiblea balitz bezala bertsorik gabeko omenaldi bat Oiartzungo plazan. «Inork ez amona. Ez zen bertsorik egon».
«Bertsorik ez bazuten kantatu, zer egin zuten, orduan?». «Ba agurra dantzatu zuen 50 urte hauetako promozio bakoitzeko ikasle batek; haur kanta bat kantatu zuten lehenengo ikasleek; opari bana eman zitzaien ikastola martxan jarri zuten guraso horiei…». Hara, bai, egin liteke bertsorik gabe omenaldi bat eta!
Ez da hau bertsoaren kontrako idatzi bat (agian orain artekoa irakurrita baten batek hala uste izan badu ere). Ez noski. Irudimen faltaren kontrakoa, baizik.
Izan ere, nire amonak bertsorik gabeko ekitaldi bat imajinatu ezin duen bezala (eta ziur ez dela bakarra), badirudi Oiartzunen ezin dela imajinatu Aiako Harriaren irudia/izena ez daraman lelo edo logo bat: berdin du den Kilometroetarako, etxe bati izena jartzeko, igeriketa talde bat izendatzeko, BTT lasterketa bat… Edo intxixu izena izango ez duen ospakizun/toki bat: badugu Intxixu AEK, badugu Intxixu Trail, badugu Intxixu erretegia… eta Intxixu Skate Festa izan da azkena.
Akaso, hasi behar genuke ideiak patentatzen dituzten edo markak erregistratzen dituztenek bezala, copyright gisakoa asmatzen. Eta norbaitek erabili badu dagoeneko herriko toponimiako, mitologiako edo dena delakoko kontzepturen bat bere festa/elkarte/ekitaldia izendatzeko, ba… zer egingo diogu! Buruari gehixeago eragin!
Ze, bestela, nahasmenak besterik ez dira sortzen: «Baina korrikako kontu hori ez al da ekainean izaten?». «Bai, Intxixu Trail bai, baina hau skate parkeko kontu bat da…».
Eta horrela.