Hipokritak.
Eguna: Martxoak 8, emakume langilearen nazioarteko eguna.
Lekua: Hondarribia, postetxe parean dagoen plazatxoa.
Zergatia: Plazatxo horri Martxoak 8 izena jarriko diote egun horretan, udalak hala onartua. Martxoak 8a dela-eta adierazpen bateratua plazaratu dute Hondarribiko udal talde guztiek.
Zergatik hipokritak? Berdintasunaren alde urteko egun guztietan lan egin behar delako, ez 364 egunez, 365 egunez baizik, bai irailaren 8an ere berdintasunaren, hau da, feminismoaren alde egin behar dugu lan. Zer esan nahi du honek? Bada, matxismoaren aurka egin behar dela eta berdintasunean oinarrituko den gizarte eredu baten alde.
Berdintasunaren aldeko politikak esparru guztietatik bultzatu eta sostengatu behar ditugu, eta honetan ardura berezia dute gure ordezkariek.
Duela mende laurdenetik irailaren 8an, Hondarribian, gertatzen dena ez da bizikidetza arazo bat, ez da bizilagunen arteko gatazka bat, matxismoa da. Alardean libreki parte hartu nahi duten emakumeei ez diete parte hartzen uzten. Are gehiago: iraintzen dituzte, mehatxatzen dituzte eta bortizki tratatzen dituzte.
Hau guztia udalaren baimenarekin, noski. Izan ere, zer gertatzen da Hondarribiko Udalean egun horretan?
Egun lau talde politikok dute ordezkaritza udalean: EAJ, Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu.
Lau talde hauetatik hiruk (EAJ, Abotsanitz eta PSE) urtean behin gutxienez berdintasunaren aurkako politikak egiten dituzte, emakumeak iraintzen, jipoitzen eta mehatxatzen dituztenen aldeko jarrera hartzen dute. Egun hau badakizue zein den noski, irailaren 8a. Egun horretan elizaren aurrean jartzen dira eta alarde pribatu eta baztertzaile bati harrera egiten diote. Alarde baztertzailea sostengatzen dute, justifikatzen dute, hauspoa ematen diote, bultzatzen dute.
Alarde baztertzaile honetako parte hartzaileek ez dute inoiz salatu Kale Nagusian Jaizkibel konpainiak pairatzen duena; are gehiago, bortizkeriaz aritzen direnak hauspotzen, txalotzen eta omentzen ditu. Ba aipatutako hiru talde politiko horiek hau babesten dute, tristea benetan.
Alderdi horien jokaerak ez du sorpresa handirik sortzen beraien jokamoldea zein den ikusirik.
Guztiok dakigu alarde baztertzailea ezin izango litzatekeela egin EAJren sostengu eta laguntzarik gabe (sostengu ekonomikoa, fisikoa eta poliziala).
Abotsanitz ezker abertzalean zeuden betikoek bultzatutako eta zuzendutako alderdi politikoa izaki, beraien jarrerak alarde baztertzailea sostengatzen pentsaera kontserbadore eta betikoarekin bat egiten du. Hori bai gero ez dezatela ahoa bete berdintasunaren aldeko aldarriekin.
PSE-EEren jarrera, aldiz, tamalgarria da, injustiziaren kontra eta berdintasunaren alde ari direnei bizkarra ematen baitie.
Tratu txarrak jaso dituzten emakumeen egoera salatzeko elkarretaratzetara joan ohi dira hiru alderdi hauetako ordezkariak. Ze hipokrita, ezta? Irailaren 8ro ehuka dira tratu txarrak jaso eta pairatzen dituztenak, zergatik eta bere herriko jaietan parte hartu nahi izateagatik. Jarrera hauek arbuiatu ordez, sostengatzen dituzte.
2021eko martxoaren 8an ere Martxoak 8ko plazara hurbildu eta argazkia aterako dute, en fin….
Egun honen harira idatzi bateratua publikatu dute udaletxean ordezkaritza duten lau talde politikoek. Aurpegi gogorra behar da gero urtero egiten dutena egiten horrelakorik ateratzeko! Hipokritak.
Ez ditut talde politiko guztiak zaku berean sartu nahi, ordea. Badago udalean ordezkaritza duen talde politiko bat, EH Bildu, jaio denetik (eta alardearen auzia sortu zenetik koalizio honetan dagoen ezker abertzalea) berdintasunaren alde lan egin duena. Hondarribiko EH Bilduk inolako aitzakiarik gabe adierazi du bere hautua zein den, alarde parekide, publiko eta bakarra. Aukera honen alde dihardu urte osoan zehar, baita irailaren 8an ere. Berdintasunaren alde, hau da, feminismoaren alde lan egiten du hau delako guztiontzat hobea eta justuagoa izango den gizarte bat lortzeko bidea.
Ez al zaizue argazki tristea iruditzen? Udaletxean gu ordezkatzen gaituzten lau talde politikoetatik hiruk alarde baztertzailea sostengatzen dute, eta bakarrak, alarde parekide eta publikoa.
Asko dugu aldatzeko eta berdintasunaren alde benetako politikak egiteko.
Bozka gosea deitzen diot nik horri, edo hobe esanda, hipokrisia!!
P.D.: Martxoaren 8a plaza Emeki taldeak proposatuta jarri dute. Ez al zaizue arraroa egiten talde honek 25 urte luze hauetan Jaizkibel konpainiaren alde ez egin izana? 25 urtean ez du inoiz alardean emakumeen parte hartzea bultzatu; ez du inoiz publikoki ezer esan; ez ditu emakumeak alardean parte hartzera gonbidatu. Arraroa emakumeen eskubideen alde diharduen eragile batek horrelakorik ez egitea, ezta?
Mende laurdena eta gero hori egitea gehiegi litzateke, erradikalegia. Ulergarria izan daiteke, izan ere, talde hau osatzen dutenen artean betiko alardearen alde dauden emakumeak daudelako.
A zer maila maila gure herrikoa….
Mikel Estonba Zeberio