GUTUNA: "Hijas de la Cruz kongregazioaren baloreak"
Hondarribiko Egi Luze ikastetxeko lau langile kanporatu egin dituzte. Hona hemen langileek HITZAra helarazi duten gutuna, hitzez hitz:
“Joan den uztailaren 30ean, Hondarribiko Egi Luze ikastetxeko sukalde, jangela, garbiketa eta mantenuko lau langile gure lantokitik kanporatu gintuzten. Bidegabeko kaleratzea izan da; ikastetxeak hasiera batean bidezko kaleratze gisa gauzatu bazuen ere, eskolak, bere abokatuaren bidez, bidegabekoa izan dela onartu du aste gutxi geroago.
Ikastetxeak kaleratzea argudiatzeko ematen dituen arrazoiak surrealistak eta errealitatetik kanpokoak dira. Kaleratutako langileekin zerikusirik ez duten antolakuntza arrazoiak argudiatzen dituzte. Instalazioen egoera kaskarra dela diote (langileen jardunetik at dagoen arazoa), ikasleak jangelaren funtzionamendua dela-eta klaseetara berandu iristen direla (zuzendaritzak ezin hobeto ezagutzen duen egoera, proportziorik gabeko lan bolumenaren eragina baita)… Fundamenturik gabeko arrazoiak, eta frogatu gabekoak.
Kaleratze prozesu osoa isilpean gertatu da. Horregatik, egoera hau salatu nahi dugu, eta ikastetxearen benetako egoeraren berri eman nahi diegu gurasoei eta gainontzeko lankideei.
Ikastetxearen etorkizunak benetan kezkatzen gaitu. Gure kaleratzea gauzatu den baldintzak eta egoera ikusirik (beste batean izango ditugu aipagai), ikastetxea apurka-apurka desegiten joango ote den beldur gara. Eta bitartean, gogora datozkigu entzule gisa parte hartu dugun ikastaro pertsonal horietako edukiak: maitasuna, koherentzia, elkartasuna, ardura, elkarlana… eta Hijas de la Cruz-eko baloreak eta karisma. Uztailaren 30ean argi geratu zen zeintzuk diren balore horiek!”
Jokin Galarraga, jangela eta garbiketako langile kaleratuen izenean.