Gutuna: "Errazena desagertzen uztea da"
Xabier Etxaniz ELAko Oarso Bidasoko Gizalan federazioko arduraduna.
Hain mundu aldakorrean, lehen existitzen ez ziren aldaerak sor daitezke. Horren aurrean, egokitzeko edo deuseztatzeko aukera dago.
Testuinguru aldakor horretan, etxez etxeko zerbitzua ere ez da birmoldatzetik libratzen. Dependentziarako diru laguntzak, adinekoez arduratzen diren langabeen indizea… Badakigu ekuazio horretan hainbat faktore daudela.
Errealitate horren aurrean bi aukera daude: gizarte zerbitzu bat desagerrarazten utzi eta %100ean esku pribatuen esku uztea, edo berrasmatzea, kontuan hartuta Irunen adinekoen kopurua handitzen ari dela.
Lehen aukerak berezko hainbat arrisku ditu: zerbitzuaren prezioa jaitsi egiten da, eta horrek erdi-esklabotza egoerak sortzen ditu langileen artean eta euren espezializazioa edo titulazioa zalantzazkoa izaten da. Topatu izan ditugu sareak zeinetan langilea zuzenean bere sorterritik ekartzen duten, neskame bezala sartzen duten etxe batean, egunean 15 orduz lan egiten duen, astean sei egunetan 700 euroko soldata baten truke.
Udalak eskaintzen duen zerbitzuak lan baldintza duinak ditu, langile kualifikatuekin, bakoitza bere arloko titulazioarekin. Langile multzo horri bere lana edukirik gabe uzten ari dira, eta ez dituzte ordu nahikoa lan egiteko. Horregatik Lan Erregulazio Espediente bat aurkeztu digute.
Bigarren aukera, lan horiek edukiz betetzea da. Gure adinekoen artean bakardadea da gehien hedatutako gaitz psikosoziala. Langile horiek etxeko lanak egin eta bezeroak garbitzeaz gain, hainbat gauza gehiago egin ditzakete: medikura lagundu, banketxera, enkarguak egitera… Gure adinekoen bizitza hobetzeko lanak anitzak izan daitezke.
Hori da horrelako zerbitzu bat desegitearen ondorioa. Gure adinekoak pixkanaka uztea dakar horrek, eta gizarte aktiboa batzen duen loturarekin haustea, lanean hainbeste nekatu diren horiekin, eta orain, zaintza onena merezi dutenekin.
Lehen aukerak ez du bakarrik sektore baten erabateko prekarizazioa ekartzen, baizik eta behar gehien duten pertsonek bizitza soziala edukitzea eta errealitatearekin harremana izatea mugatzea dakar.
Bigarren aukerak, berriz, ausardia politikoa eskatzen du, eta hori ez da gure udalean aurkitzen, nahiago baitu deuseztatu berrasmatzea baino. Nahiago ditu diskurtso hutsak gertaera konkretu eta ebaluagarriak baino. Nahiko du bizitza salbatzeko txalekoa jartzera gonbidatu itsasontzia hondoratzen ari dela, ubideari tapoia jarri eta nabigatzen jarraitu baino.
Gastu sozialerako partidak udalaren lehentasuna izan beharko lukete, bere buruari sozialista deitzen dion udal horrenak, hain zuzen. Horiek lehentasuna eduki beharko lukete inbertsio elektoralista eta estetikoen aurrean.
Horregatik, ELAtik udalari eskatzen diogu benetako irtenbidea emateko arazoari, eta eskua luzatzen diogu (berriro) alternatibak bilatzen laguntzea nahi baldin badu. Baina, mesedez, diskurtso hutsalik edo hausnarketa erdi-sakonik gabe, benetan lortu nahi dutena denbora irabaztea baita itsasontzia hondoratzen ari den bitartean.
Xabier Etxaniz, ELAko Oarso Bidasoko Gizalan federazioko arduraduna.