Gutuna: "Ardurarik gabeko arduradunak"
Egun arte 76.981 pertsona izan dira koronabirusak Espainian utzi dituen hildakoak. 2020ko martxoaren 14ean hasitako alarma egoera maiatzaren 9an amaituko dela dirudi, baina amesgaiztoak aurrera jarraituko duela ematen du. Bidean pandemiak gure sistemaren eta politikarien inguruko zenbait auzi azaleratu ditu; haien ekintzekin erakusten duten herriarekiko interes falta eta botere nahia, besteak beste. Ez da erraza mundu mailan zabaldutako pandemia bat garaitzea, hori baino zailagoa da, ordea, kapitainik gabeko itsasontzi bat gidatzea, gure mandatariek alde batera utzi baikaituzte.
Antzinako Grezian ez bezala, politikariek ez dute herritarren nahia eta ongizatea bilatzen, propioa baita defendatzen duten lelo bakarra. Argi geratu da pandemiaren kaltea geldiarazteko inposatzen dizkiguten epe laburreko neurriek ez dutela hilabete bat baino gehiago irauten, bestela, ez baikinatekeelako laugarren olatuaren magalean topatuko. Horren aurrean, herria neurri eta galarazpen gehiagorekin itotzea da gobernuak hartutako norabidea, erru osoa gurea izango balitz bezala. Ume baten jarreraren aurrean egiten den modura, sari eta zigorrak ezartzen dizkigute. Haatik, gobernuaren aldetik autoebaluazio eta hausnarketa sakonagoak eskertuko genituzke. Mugikortasunaren debekuak epe luzerako eraginik ez badu, zer dela eta jarraitzen dugu neurrien pisu guztia hor ipintzen? Zergatik ez dira beste ildo batzuk aztertzen? Hildakoen kopuruak egunero gora egiten jarraitzen du; hala ere, gobernuak oraindik ez du haiek aplikatutako neurrien porrotaren inguruko adierazpenik egin. Alarma egoera batean herriak bere askatasunari uko egiten dio, politikariek hori aprobetxatuz eta lege bereziak aplikatuz ezohiko egoera horri aurre egiteko. Urte bat baino gehiago igaro ondoren, aldiz, norbaitek azalpenak emateko eta neurri hauek justifikatzeko pausu bat aurrera ematea beharrezkoa da, eta aurrera ez bada, albora izan beharko da.
Arestian adierazi bezala, alarma egoerak ezohiko gertakari bat jartzen du gizarte horren lehentasun nagusi modura. Hala eta guztiz ere, premisa hori ezarrita, ezinezkoa da gobernuak hartu dituen zenbait erabaki ulertzea. Osasun ministroak ezin dio bere postuari uko egin Kataluiniako hauteskundeetan izen emateko, teorikoki bera baita pandemiari erantzuteko politikari prestatuenetariko bat. Joera bera dute Espainiako presidenteordearen jarrerak edo txertoa lehendabizikoak ipintzea erabakitzen duten politikari eta osasun langileek. Ekintza hauekiko, ordea, herriak ez du hitzik, eta haien esanak jarraitzea du eginkizun bakar. Aipatutakoak alde batekoak izan arren, ez nahastu, gainontzekoek berdina egingo luketelakoan bainago, prozesu honetan zehar boteretik at egon diren alderdiek ez baitute eskurik luzatu eta kritika suntsitzaileak izan baitira egindako adierazpen bakarrak.
Orokorrean, komunikabideek ere ez dute gehiegi lagundu, txertoekin erlazionaturiko berriek gizartea beldurtu eta haiekiko errefuxa areagotu besterik ez baitute egin. Horri lotutako gobernuaren neurri kontraesankorrek herria guztiz nahasita egotea eragin dute, txertoen aurrean zer egin ziurtasunez jakin gabe.
Hala, bada gizartean aldaketa bat egoteko garaia, herria ezin baita itsututa bizitzen jarraitu. Politikariei haien ardura eta lehentasunak zein diren azaltzeko eskaera egin beharko genieke, horrela haien ekintza, arrakasta eta huts egiteak sendo justifikatu ditzaten. Pandemia honen iparrorratza ere erakutsi beharko ligukete, era horretan proposamen eta epeak betetzen diren edo ez ezagutzeko, eta ezean, horren aurkako neurriak hartzeko. Gizartearen osasunak eta ekonomiak ezin dezake noraezean jarraitu.
Egoera dagoen moduan jarraituz gero, lehenago edo beranduago pandemia hau igaroko dugu, baina demokrazia moduan egoera hauek eragozteko tresna eta gidarik gabe segituko dugu.