Ez naute Hizkuntza Eskolan hartu
Eta apur bat minduta nago, egia da. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta aste batzuk geroago idatzi dut testu hau, hala ere, hotzean. Ikusi dut ingelesa, frantsesa, euskara eta alemana eskaintzen dituztela Irunen, talde kopuruaren arabera ordenatuta. Logikoa izan daitekeen ordena, analisi merke bat eginda: ingelesa gutxik menperatzen dute, baina mundu guztiak ikasi nahi du; askok, nago, […]
Eta apur bat minduta nago, egia da. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta aste batzuk geroago idatzi dut testu hau, hala ere, hotzean.
Ikusi dut ingelesa, frantsesa, euskara eta alemana eskaintzen dituztela Irunen, talde kopuruaren arabera ordenatuta. Logikoa izan daitekeen ordena, analisi merke bat eginda: ingelesa gutxik menperatzen dute, baina mundu guztiak ikasi nahi du; askok, nago, ongiegi jakin gabe zein helbururekin. Frantsesa, bada tira, hemen inguruan nahiko garrantzitsua dela dirudi.
Euskara ikasleen zenbakiak aski apalak dira. Nahi izan duena aspaldi euskaldundu da hemen, eta gainerakoek, alimaleko beharrik ere ez dagoela ikusita, paso egingo dute, aliziente handirik eskaintzen ez diela eta. Alemana ikasten zer jende mota ote dago? Hizkuntzak gustatzen zaizkien lau friki, Europa erdialdera bidaiatzeko maletak prestatzen ari den gazteren bat, hemengo enpresek gero eta gehiagotan eskatzen dutela sinistu duten gutxi batzuk agian.
Nireak bezala (bat baino gehiago, bai), beste ehundaka eskaera geratu dira baztertuen zerrendan pilatuta, gehien-gehienak frantsesa eta bereziki ingelesa ikasi ezinik. Hein handi batean zozketa bidez erabakitzen da nor sartu eta nor ez. Ikasten ibili eta gainditu duena automatikoki pasatzen da hurrengo mailara. Badago puntuak lortzeko modurik, dena den. Europarra bazara, puntuak; familia ugariko parte bazara, puntuak; desgaitasun egoeran (sic) bazaude, puntuak; irakaslea bazara, publikoan nahiz pribatuan, puntuak; terrorismoaren biktima bazara (ez du gehiago zehazten), puntuak.
Baldintzengatik deduzitu daitekeenagatik, zailtasun ekonomikoak izan ditzaketenei erraztasunak ematen dizkiete, izaera hori zeharka bakarrik aitortu badakieke ere. Urte osoko ikastaro arruntagatik 72,36 euro ordaintzen ditu ikasleak, beste edozein hizkuntza akademiatan hilabete eskas ikasteak balio duena, gutxi gorabehera. Akademia pribatu batera joan litekeen asko dago Hizkuntza Eskola Publikoan, eta halako aukerarik ez duten asko kanpoan geratuko ziren, eta ezin sektore pribatura jo.
Zein da, orduan, HEOren funtzioa? Egoera ekonomikoak ez al luke garrantzi handiagoa izan behar? Zergatik bideratu baliabide nahikoak izan ohi dituztenak (irakasleei buruz ari naiz, esan gabe doa) kasik doako eskoletara, horietako asko denbora-pasa, diruz oso aberats ez dauden eta ikasteko premia handiagoa duten beste batzuk hilabetero dirutzak ordaintzera behartuz?