Ez naiz hemengoa
Ni naz euskalduna, Errenderiko alaba». Hitz horiek izan ziren Josebe Etxabegurenek esan zituenak (Orereta-Errenteria, 1925) espainiarra zela esan ziotenean. Nola udako egun sargorietako ilunabar epeletan olatuak hondartzara gozo-gozo iristen diren, hala iritsi zaizkit bitan Josebe protagonista den dokumentalaren irudiak sare sozialen bidez. Lehen aldia, euskal diasporak duen orrialde baten bidez eta bigarrena euskalgintzako bat medio. […]
Ni naz euskalduna, Errenderiko alaba». Hitz horiek izan ziren Josebe Etxabegurenek esan zituenak (Orereta-Errenteria, 1925) espainiarra zela esan ziotenean.
Nola udako egun sargorietako ilunabar epeletan olatuak hondartzara gozo-gozo iristen diren, hala iritsi zaizkit bitan Josebe protagonista den dokumentalaren irudiak sare sozialen bidez. Lehen aldia, euskal diasporak duen orrialde baten bidez eta bigarrena euskalgintzako bat medio. Hara zenbat aldetan piztu duten interesa eta izan duten eragina haren esanek.
Josebe Etxabeguren Txilen bizi da gaztetatik, 36ko gerrak behartuta. Gaur egun, Santiagoko egoitza batean dago, Alzheimerrak jota.
Yo no soy de aquí (de Chile)… soy de Renteria dokumentalaren protagonista da. Maite Alberdi zinegile txilearra eta Giedre Zickyte lituaniarra dira Txilek, Lituaniak eta Danimarkak koproduzioan egin duten dokumentalaren zuzendariak.
Dokumentalaren helburua memoriaren galeraren gaineko azterketa egitea da, baina oroimenetik abiatuta. Sekula ahazten ez diren gauzen gainean oinarritu nahi izan dute lana zinegileek, gainera: sorlekua, txikitako oroitzapenak eta bere jatorriarekiko harrotasuna, kasu.
Abizenaren arabera ere jatorri euskalduna izango duen Alberdiren hitzetan, «Josebe politikoki interesgarria iruditu zitzaidan bere sustraiak, ideiak eta herria defendatzeko dituen oreka eta pasioagatik, bere nortasuna bakarra da; eta, era berean, etorkin euskaldunen ordezkaritza idiosinkratiko bat delako Txilen».
Dokumentalean zehar behin baino gehiagotan saiatzen da Josebe bere kideei jaioterriaz hitz egiten. Zenbaitetan euskaraz ere hitz egiten die txilearrak diren lagunei, «soy de Renteria, de donde hay fabrica de galletas y todo eso».
Dokumentalean azaltzen duenez, gerra zela-eta senargaia preso eraman behar zuten, baina ihes egitea nahiago izan zuen. Hiru urtez gutunez harremana izan ondoren, «zergatik ez gara ezkontzen?» esan omen zion mutilak. Ahalordez ezkondu eta Txilera joan zen senarraren ondora. Hiru seme-alaba izan zituzten «y aqui estoy plantada en Chile hasta que me muera» dio, serio.
Hunkitu egin nau Josebe Etxabegurenek bere oroimen galera sakonenetik Euskal Herriarekiko eta Errenteriarekiko duen atxikimenduak eta harrotasunak, buruko nahasmenean sorterriarekiko eta bere nortasunarekiko duen argitasunak.
Euskaldunengan eragin handiagoa omen du Alzheimerrak, pairatzen dugun mutazio bat dela eta. Gaixotasunak, ordea, ez du lortu sentimendu horiek gordeta dituen garuneko txokoraino iristea eta bere sustraiak ezabatzea.
Apaingarri gutxi dute haren hitzek, zuzen-zuzenak dira, zintzoak, bihotzean sortu eta inongo galbahetatik pasa gabeak. Aspaldi entzun gabeko eta ikusi gabeko jarrera tinkoa eta irmoa. Ez dira debaldeko hitzak, ez. Eta hitzen ondoan isilune ongi neurtuek, hitzek adina zirrara eragiten dute. Zinez gomendagarria da dokumentala. Hogeita bost minutu badituzu ez izan zalantzarik, helbide honetantxe aurkituko duzu. Ez zaizu damutuko, benetan.