Etniak eta niak
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Aitortzen dut Ekialde Hurbileko Demokrazia Bakarrean [sic] daramadan denboratxoan ohitu egin naizela tokiz kanpo behar luketenak entzutera eta ikustera. Nire burua zuritze aldera, baina, esan dezadan oraindik ere belarriko mina egin zidala, berriki, lagun israeldar ustez sentsibilizatu batek kontatu zidanean jatetxe palestinar «baina elegante» batean afaldu zuela. Arrazakeria arau denean, hizkera bera izan daitekeelako salatari.
WhatsApp talde batetik iritsi zait olatu supremazista berriaren aparra. Koronabirusaren harira kezkaturik, taldekide batek galdetu zuen ea kontrolaturik dauden Jerusalemgo kaleetan harat-honat, batek jakin eztulka edo ez dabiltzan turista txinatarrak, eta kontuz ibiltzeko badaezpada ere. Espainiako telebista batean zirujau famatu batek esandakoak heldu zitzaizkidan hurrena.
Bi alaba txinatar edukitzeak ematen duen epidemiologia eta birologia katedratik, iradokitzen zuen koronabirusak erasandakoen kopurua Txinak aitortzen duena baino ehun aldiz handiagoa dela, «halakorik ondorioztatzeko ez baita oso azkarra izan behar».
Frantziako #JeNeSuisPasUnVirus kanpainaren berri izan nuen segidan, zeinak salatu dituen koronabirusaren aitzakiarekin asiar jatorriko hiritarrek jasandako diskriminazioa eta eraso sinofobikoak.
Esango nuke pixkanaka ikasten ari garela beltzei dagokien errespetutxoa edukitzen, larrialdietan balkoietatik zintzilikatuta jendea salbatzeagatik edota gure futbol taldeen golak sartzeagatik bada ere. Aldiz, txinatarrek badirudi greba orokorretan Irungo Palmera-Monteroko denda ixtea baino meritu gehiago pilatu beharko dutela gure begirunea lortzeko. Bien bitartean, jarraitu egingo dugu barre egiten euren hizkeraz eta azentuaz, erdarazkoaz beti ere, gure konplexuengatik ez baitugu euskarazko hitzik espero euren ahotik. Edo garai bateko beltz-Iñakiekin egiten genuen bezala, jatorrizko izenak aldaraziko dizkiegu, euren hizkuntzetako hitzerdirik ez dakigun arren, jakin badakigulako oso izen konplikatuak dituztela. Eta txisteak egingo ditugu begi itxi horiekin ongi ikusteko daukaten balizko ezintasunaz. Ala, zergatik ez, arrazakeriari patriarkatu faliko pixka bat ere gehituko diogu, bestelako konparazio anatomikoen kontura gizonezko mendebaldarron hankarteko egoa elikatzeko.
Ebolaren eta zikaren birusak identifikatzeko hainbat hilabetetako ikerketa lan erraldoia behar izan zen. Oraingoan, aldiz, zientzialari txinatarrek bi aste eskasean argitaratu dituzte koronabirusaren argazkiak eta bere genomaren sekuentzia. Susmoa dut, baina, lorpen zientifiko txundigarri hori ez dugula etxe azpiko jatetxeko txinatarrekin ospatuko. Eta hau, zergatik? Bada, iruditzen zaidalako inolako lotsarik gabe sartzen ditugula munduko etnia handiena osatzen duten 1.500 milioi ni horiek zaku bakar batean. Finean, ia denok garelako Iñaki Williams, baina oraindik ere inor ez delako Wuhan.