Espazioa irabazten
ANTXETATIK
Bai, hondartzara joan gaitezke! Eta joan gara, eta egia esan, niri behintzat inposatu dizkiguten baldintzek ez didate hondartzarako plana gehiegi aldatu. Nor egoten da haur ttikiak dituela, etzanda eguzkia hartzen? Nork dauka zorte hori? Nik ez. Lau urte daramatzat ur ertzean zutik paseo ttiki-ttikiak ematen edota itsaso zabalera so.
Dena dela, aitor dezadan, esan bezala plana askorik aldatu ez bazait ere, ez zait inposaturikoa egiten ari naizenaren sentsazioa gustatzen. Etzan ez, baina hondarretan esertzea tentazio bilakatzen zait. «Haurrak bai, helduak ez», esan zidan poliziak joan den astean. «Jan dezakezue meloia eserita, bihotzak», esan nien ttikiei. Hori bai, beraiek, ustez herritarrok protokoloa betetzen ari garela segurtatzen ari diren poliziak bai. Bistan da, haiek egon daitezke, beren etxola barruan, denak batera, hondartzako aulkietan eserita. Gaixoak nekatu egiten baitira zutik lanaldiak iraun bitarte.
Horrela gaude Hendaian, oker ez banaiz antzeko zabiltzate Hondarribian.
Hemen ostatuak ez dira oraindik zabaldu, oker ez banaiz datorren astean izanen dute aukera. Beti ere orain arteko itxialdiarekin porrot egin ez duenak. Irunen eta Oiartzunen ikusi ditut terrazak lepo, eta poza ematen du. Horren egarria genuela sumatzen da. Tira, utzi digute hau ere egiten.
Beraz, badugu Hondartza eta baditugu terrazak. Mendira joan gaitezke, erosketak egin ditzakegu…
Pozik, oso pozik egoteko moduan gaude! Zer gehiago behar dugu?
Ironia edota umorea alboratuz, txotxongilo izatera kondenatuak ote gauden pentsatzen ari naiz azken egunetan. Eta pentsatze hutsak, beldurra ematen dit. Ez diezagutela irri egiteko gogorik kendu. Ez diezagutela duintasuna lapurtu. Azken urteetan hainbat esparrutan entzun bezala, eguneroko une batzuetan, espazio zenbaitetan urrats ttikiak eginez, askatasun pittin bat gehiago irabaz dezakegu.
Esate baterako, irakurtzen ari zaren hedabide hau online edo paperean kontsumitze hutsak, hatsa ematen dio euskarari eta informazio trataera askeari.