Errefusa Lesbosen
Berriki Jordanian bidaiatxoa egiteko aukera izan dut. Egiari zor, ez da konpromiso handiko bidaia izan. Autoa, jordaniar baino atzerritar gehiago pilatzen diren gune turistiko ederrak, kategoriako jan-edana eta abegikortasuna edonon gizonezko zuri mendebaldarrarentzat.
Paraje hauetan drama ez da inoiz oso aparte izaten, ordea. Ammanetik gertu, Baqa’a errefuxiatu-kanpamendutik pasatzea egokitu zitzaidan. Bertan bizi dira 1967ko gerratik ihesi iritsitako ia 120.000 errefuxiatu palestinar. Baqa’aren gisako beste hamar kanpamentu palestinar daude Jordaniako lurretan eta, orotara, bi milioitik gora errefuxiatu palestinar bizi dira Haxemien erreinuan. Azken urteetan Iraketik eta Siriatik iritsitako errefuxiatuak gehituta, ia hiru milioi errefuxiatu daude egun Jordanian. Bederatzi milioi biztanleko herrialdean, kasik hiru hiritarretik bat da errefuxiatua. Libanon beste 500.000 errefuxiatu palestinar eta 1,5 milioi errefuxiatu siriar bizi dira, hemen ere biztanleriaren herena ia. Turkian, 4,1 milioi errefuxiatu daude egun, siriarrak gehienak, afganiarrak beste asko. Eta segi nezake aipatzen Pakistan, Uganda, Etiopia, Iran… zenbaki danteskoak, inondik ere.
«Ez errefusatu errefuxiatuak!» oihukatzen zuen punk talde irundar mitikoak, baina tamalez hit haren oihartzuna ez zen Bruselara iritsi. Izan ere, 2016an Europar Batasunak migrazio politikak azpikontratatu egin zizkion Turkiari, 6.000 milioi euroren truke. Itxuraz, Ekialde Hurbileko herrialde prekarioentzat ez bezala, 450 milioi europarrontzat askotxo izan zen milioi bat errefuxiatu jaso beharra 2015ean. Erdoğanekin itxitako tratu honen arabera, kalkulu trakets batek esaten dit 1.500 euro balio dituela Bruselaren enkarguz Ankarak bidea itxi dion iheslari bakoitzaren bizitzak. Zenbaki danteskoak, hauek ere.
Ez dut argudiatuko europarrok herrialde aberats gisa iheslariak artatzeko daukagun gaitasunaz, ezta ere Ekialde Hurbileko gatazketan daukagun erantzukizun moral eta materialaz. Eta ez dut argudiatuko, eztabaida publikoak gurean hartu duen musajea ikusita, deskuiduan inork leporatuko baitit nire argumentuak politikoak direla ala ideologia daukadala. Baina utzi gutxienez nire nazka eta lotsa adierazten azken egunetan Lesbosetik iristen ari diren berrien harira. Nazka eta lotsa iheslariak eta eurei laguntzera joandakoak makilaka eta tiroka hartu dituzten polizia eta faxistekiko. Nazka eta lotsa, giza eskubideen paradisu izateaz harro, iheslari horiek Zaldibarko magaletik behera datorren errefusa olatua bailiran kudeatzen dituen europartasunarekiko.
Bide batez, miresmena eta elkartasuna Irungo Harrera Sarean eta Zaporeak proiektuan diharduzuenei. Eta, eskatzen hasita, sor dadila Zaldibarren ala Zubietan «Ez errefuxiatu errefusa!» oihukatuko duen punk talde berri bat.