…edo isildu betiko
Idatzi nuen, duela hilabete batzuk, herritarren parte hartzeari buruz, edo are, herritarrek parte hartu beharrari buruz. Eta uste dut praktikara ekarri dutela Irunen, nahi gabe bada ere, nik bere garaian aski trakets azaldu nuen ideia. Nik ere jaso dut gazteoi zuzendutako e-maila udaletik, juxtu-juxtu bada ere, eta lehenengo pertsonan hitz egingo dut. Irungo Gazte Informazio […]
Idatzi nuen, duela hilabete batzuk, herritarren parte hartzeari buruz, edo are, herritarrek parte hartu beharrari buruz. Eta uste dut praktikara ekarri dutela Irunen, nahi gabe bada ere, nik bere garaian aski trakets azaldu nuen ideia. Nik ere jaso dut gazteoi zuzendutako e-maila udaletik, juxtu-juxtu bada ere, eta lehenengo pertsonan hitz egingo dut.
Irungo Gazte Informazio Bulegoko (GIB) asteroko buletineko albiste izarra ere izan zen afera hau, eta honako goiburua zuen: «Zure unea da…Hitz egin orain edo isildu betiko». Hitz joko inuzente bat, ez dakit udalak edo GIBek berak sortua. Esanguratsua begitandu zitzaidan. Gure gogoen arabera Irungo aurrekontuak erabakitzeko aukera ematen zaigu, 200.000 euro nora bideratu deliberatzeko. Baina ez dugu erabakitzen noiz eta nola; momentu bakarra dago, eta kanal bakarra. Hortik aurrera, batek daki.
Eta gogorarazi dizkit behinola irakurritako hitzak, demokrazia bezalako termino estatikoaz baino, demokratizazioari buruz hitz egin beharko genukeela ziotenak, prozesu baten gisan ulertu, herriari gero eta botere kuota? handiagoak emanez.
Ez dut Irungo Udala, edo berau gobernatzen ari diren alderdiak higatzeko inongo asmorik, iazko udal hauteskundeetan galdu nuen botoaren bidez ezer aldatzeko fedea. Baina nago egitasmo honek gehiago duela eskuak garbitzetik, demokratizazio simulakrotik, herritarrei benetan hitza ematetik baino. Eta ez dut herritarren parte hartze errepikakor eta antzuari gorazarre egiteko asmorik, baina oraingo honek ematen du ekimen bat nolabait gerora esateko «aizue, guk utzi genizuen parte hartzen, orain ez kexatu; orain berandu da, orain ez da tokatzen».
Eta esango nuke, gazte berantiar gisa, Irungo Udalaren arabera datorren urtean ez bainaiz gazte sasi-erabakitzaileen taldean egongo, gazteen izaeraren kontra doala helduek utzitako papurrez elikatzea; gazteari espazioak ematea ondo dago, baina gazteak espazioak konkistatu egin behar ditu. 40 urterekin sartuko gara udalak diruz lagundutako auzo elkarte batean, eta antolatuko ditugu berbena eta txokolatadak udalak utzitako lokal grisetan. Edo 40 urterekin izango dugu arduraren bat udalean eta hasiko gara pentsatzen nola eman demokrata itxura gure herritarren aurrean, baina bitartean, helduen paternalismoari men egiteak zahartu egiten gaitu, txartu, eta inola ere ez zaildu.