Bizitzari eskatu
ANTXETATIK
Eguzkiari etortzeko eskatu nion eta kaso egin dit. Baita egin ere! Badut lagun bat, «bizitzari eskatu egin behar zaio» esaten duena. Orain dela lau urte inguru esan zidan hori lehen aldiz, eta geroztik, gauza bat baino gehiago eskatu diot. Bizitzari, bai. Begiak itxi, «mesedez, hau gertatzea nahiko nuke, edo beste hura ekartzea, beste hori gertatzea…». Ez pentsa, behin baino gehiagotan lortu dut eskaturikoa. Batzuk elizara joaten dira horretarako, nik edonondik egiten dut. Baina elizkoiek bezala, zerbaitetan fedea dudala sentiarazten dit, delako edo halako eskatzeak.
Gaur, haurrekin parkera bidean nindoala, ‘jende gutxi egotea espero dut’ pentsatu dut. Eta hori eskatu diot bizitzari, Jaizkibelera begira. Baina ez, gaurkoan ez dut nahi nuena lortu. Akaso gehiegitxo eskatzea izan da, halako eguzki ederrarekin Hendaiako badiako parkean jende gutxi egotea.
Jendarte anitz eta inklusibo baten aldekoa naiz. Eguneroko jardunean ahalegintzen naiz horren aldeko ekintzak aurrera eraman eta urratsak egiten. Baina badago zerbait nire onetik ateratzen nauena, eta lepoko zainak lehertzeraino puztutzen dizkidana.
Gaztelerak eta gazteleraz bizi diren pertsona askoren prepotentziak, harrokeriak, ezjakintasunak… nire pazientzia gainditzen du. Ez ditut espainolak deitzen, Euskal Herritarrak baitira, vascoak esango nuke, ez euskaldunak. Ez behintzat nik, euskaldun izatea ulertzen dudan gisan. Nagusitasunarekin hitz egin dute beren hizkuntzan, mundu guztiak ulertzen duelakoan, nahiz eta beren ustez Frantzian egon.
Lerroak eta lerroak bete nitzake halako pertsonei buruz idazten, eta barrenak askatzen. Eta baliteke, uste dut behintzat, ez dela gai honetaz idazten dudan lehen aldia.
Beraz badut oraindik gauza pare bat bizitzari eskatzeko beharra. Batetik, gai honekin ez itsutzeko eta bestetik, halako jendearen aurrean nire euskalduntasunari eusteko kemena areagotzea.
Delako vascoak behin betiko euskalduntzea gehiegi eskatzea litzakete? Inoiz ez da berandu…