Gaur, asteburu oro bezala, mendi buelta bat ematera joan naiz. Azkenaldian inoiz baino jende gehiago elkartzen gara bertan. Mendiak masifikatu direla ez da berria, eta egoera hau kezkagarria izatera iritsi daitekeela ere ez.
Ibiltariez gain, bisitari berri batzuk ere ugaritu dira: bizikleta elektrikoak. Ezin zaio jendeari naturaz gozatzeko aukera ukatu, baina ezta edozein modutan egitea ere onartu.
Mendiko motorrak debekatuak izan dira lurzoruari, eta beraz, ekosistemari eragiten dioten kalteagatik. Bizikletek ere, oinezkoek bezala, lurzoruari ez diote onurarik egiten, eta agian, mendizale kopurua naturak asumitu dezakeen mugen artean aurkitzen den bitartean, eztabaidak ez du arreta berezirik eskatzen. Baina, txirrindu elektrikoak, mendiak inoiz baino modu erasokorrean bisitatzen dituztenen masifikazioa eragin du. Gaur bertan, Aiako Harrian, hogei “txirrindularirekin” topatu naiz, sei edo zazpiko bi talde eta pare bat hirukote. Mendian, errepidean bezala dabiltzan pelotoiak egotea arriskutsua da, bai naturarentzat eta bai oinezkoentzat ere.
Gaur egun, edonor joan daiteke bizikleta horietako batekin mendira, bakarka edota kuadrillan, eta gure mendien txikizioa erritmo berean emango da.