Bidasoko popularrak
Aspalditik pentsatu nahi izan dut egun ez dagoela alderdi politikorik euskararen kontra. Politikoki zuzen bilakatu da, zorionez, euskararen aldeko jarreratxoa izatea, eta euskara jada ez da museoan gorde beharreko hizkuntza, komunikazio tresna baizik, eta abar. Besterik da zenbatek sinesten duten benetan diskurtso hori baina, aizue, bada zerbait. Muturreko adibide bat aipatze aldera, lagun batek UPyD […]
The post Bidasoko popularrak appeared first on Oarsobidasoko Hitza.
Aspalditik pentsatu nahi izan dut egun ez dagoela alderdi politikorik euskararen kontra. Politikoki zuzen bilakatu da, zorionez, euskararen aldeko jarreratxoa izatea, eta euskara jada ez da museoan gorde beharreko hizkuntza, komunikazio tresna baizik, eta abar. Besterik da zenbatek sinesten duten benetan diskurtso hori baina, aizue, bada zerbait. Muturreko adibide bat aipatze aldera, lagun batek UPyD alderdiko Gorka Maneiro ikusi zuen behin Donostiako kaleetan barrena, eta euskaraz mintzo omen zitzaien seme-alabei, natural.
Gai askok ez dute konpromiso zehatzik eskatzen. Fiskalitate kontuetan ere, adibidez, esango nuke alderdi guztiek aho batez defendatzen dutela gehiago dutenek gehiago ordaindu behar luketela. Kontzeptu lausoa da zergen progresibitatearena, azkenean norberak bere modura moldatzen duena. Hizkuntzarekin, ordea, eta agian zoritxarrez (ia) denentzat, beti egin behar dira hautuak, eta Alderdi Popularrak iaz Eskoleta kalean ireki zuen egoitzako kartel txuri-urdinak argi erakusten du haien hizkuntza hautua: Populares del Bidasoa, bi l-rekin baina elebakarrez.
Udal hauteskundeen harira, hizkuntza kontuak izan dituzte hizpide duela gutxi Irungo popularrek. Udalak ezarritako hizkuntza eskakizunak oztopo omen dira irundar askorentzat, eta gaur egun eremu «euskaldunduagoetatik» (sic, espainolez) etortzen dira langileak, bertakoon kalterako. Hori alde batetik. Bestetik, haurrak euskalduntzen egiten duen lana aitortzen diote hezkuntza publikoari. Administrazioak, baina, are gehiago eskatzen omen die langileei (ez dute eskakizuna zehazten, baina EGA dateke), eta hori ez zaie justua iruditzen. Maila ba omen dute hautagaiek, baina ditxosozko titulua aurkeztu beharrak ateak ixten omen dizkio askori.
Popularren kezka hauek ez ditut inola ere partekatzen, baina nolabait ulertu bai. Ez dudana ulertzen honakoa da; injustiziok salatu eta gero, haurrak A eta B ereduetara bidaltzeko eskubidea aldarrikatzea. Egun, lehenengoa ezinezkoa omen da, eta bigarrena ia-ia. Ez al da kontraesana, bere horretan, hezkuntzak gizartea euskalduntzen jokatzen duen ezinbesteko papera laudatu, eta ondoren eredu erdaldunak (B eredua barne) indartzeko eskatzea? Popularren nahien arabera, galdutako presentzia berreskuratu beharko lukete A eta B ereduek, baina orduan Gipuzkoa euskaldunetik jarraitu beharko genuke langileak ekartzen. Edo, bestela, lanpostuetarako hizkuntza eskakizunak gutxitu. Baina, orduan, euskaldunon eskubideak urratuko lirateke, ezta? Zer da benetan proposatzen dutena euskararentzat?
The post Bidasoko popularrak appeared first on Oarsobidasoko Hitza.