Berri Txarrak Hiri Santutik
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Izena, izana, ezina abesten zuen Gorka Urbizuk «Berri Txarrak Nafarroatik!» zetozenean. Lekunberriko bandaren epopeia azken txanpan sartu den honetan susmoa dut, tamalez, geratuko zaigula hizki xeheko berri txarrik Hiri Santuan, noizean behin zutabetxo eskas baten aitzakia emateko bada ere.
Izenak. Batzuek Moriyah mendia deitzen diotenari besteek Haram esh-Sharif deritzote. Segurtasun hesia da batzuen ahotan, apartheidaren horma besteenetan. Batzuentzat defentsa-indarra dena okupazio armada da besteentzat. Batekoen aburuz terrorista diren horiek askatasunaren gudari dira bestekoen iritziz. Batzuek Ysrael deritzote, besteek Filasṭīn. Batzuek Yerushalaim, besteek Al-Quds.
Izanak. Tenplu Zaharraren hondar eta Jehovaren Etxe dena, bada baita ere Mahoma profetaren zeruranzko abiapuntua. Batzuek segurtasuna eta bizimodu normala bermatzen dien albo-kaltea (ez)ikusten dute; besteei, toki berean, arbasoen lurretara itzultzea eta bizimodu duina galarazten dien hormigoizko apartheida agertzen zaie. Munduko Armadarik Moralena (sic) da batzuen ahotan; besteenetan, gerra makina gupidagabea. Batzuen ustez, eskola eta ospitaletan gordetzen diren despotak dira; besteen irudiko, aberria tirano arrotzetatik askatuko duten gerlari zerutiarrak. Batekoek diote Jainkoak eurentzat gorde zuen lurra dela, antisemitismoak planeta osoan utzitako zirrikitu bakarra; bestekoek, mendeetan zehar jasandako inperialismotik libre, behin betiko askatasuna ekartzera datorren amalurra dela. Batzuentzat hiriburu zatiezin eta betierekoa da, besteentzat ere bai.
Ezinak. Egin berri dudanaren gisako ekidistantzia ariketak zinismo dira Ekialde Hurbilaren epizentro honetan, batzuen eta besteen ezinak eta ahalak aski agerikoak baitzaizkio begirada oso lerratua ez duenari. Berriren kantuan bezala, interpretazioak eta intentzioak dira interakzioan, baita Lur Sainduko izen eta izanen festa honetan ere. Etxeko kontuei urrutiko begirada galdu gabe, saiatuko naiz Jerusalemgo txoko honetatik nire intentzio oneko interpretazio baldarrak agertzen. Ahal den neurrian alde batera utzi nahi nituzke paraje hauetako zuri eta beltzak, kontsentsua eragiten duen %99 hori, eta sakondun nahi nuke egunerokotasunean agintzen duen %1 gris horren ertz eta kontraesanetan, ustezko egi eta gezurretan, miseria eta pozetan.
Inoren interesekoa izango delakoan, ikasturte berri on!