Beldurraren birusa
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Aritu naiz buruari bueltaka, eta aukeran nahiago nuke hilabete honetako zutabea ez idatzi zeratzen ari gaituen zera honen zeraz, baina alferrik. Imajinatzen dut irakurlearen buruak eta aldarteak ere eskertuko zuketela aire freskorik, bestelako istoriorik, baina hemen doa koronabirusari buruzko enegarren zutabea. Koronabirusa Lur Sainduan, interesgarri bazaizue.
Eta hasiko naiz esanaz baietz, Euskal Herrira baino beranduago, baina Jerusalemera ere iritsi zaigula SARS-CoV-2 birusa. Hemen ere itxialdi ia erabatekoan gaude, eta jendea gaixotu eta hil egiten da. Maila pertsonalean, egoeraren berezko ajeei gehitzen zaie deserria, urruti dauden etxekoen ongizatearen inguruko kezka, eta ahal den horretan laguntzeko ezina.
Aldi berean, baina, onar dezadan guztia eramangarriagoa egiten didala inguruan gertuko jenderik ez edukitzeak arrisku taldeetan. Eta, baita ere, laguntzen didala bere burua oraindik gaztetzat duenaren lasaitasun puntu egoista, ia ziniko, agian temerario horrek.
Zutabe hau idazten ari naizen apirilaren lehen egunean, Palestinan jadanik lehen hildakoa eta ehundik gora gaixo kontatu dituzte, eta edozein momentutan bi zenbaki horiek gorantz lehertzearen beldurra dago. Hormigoizko paretaren alde honetan, aldiz, hogeitik gora dira hildakoak jadanik eta milaka dira birusak infektatutakoak, baina egoerak nolabaiteko kontrolpean dirudi.
Aurreneko hildakoa gertatu baino dezente lehenago hasi baitziren neurri murriztaileekin Israelen. Itxi ziren eskolak, ondoren jatetxe eta tabernak, dendak hurrena, beranduxeago sinagogak… Hala ere, gobernuaren erabaki izarra hiritar guztien telefono mugikorrak kontrolatzea izan zen, geolokalizazio bidez infektatutakoekin egondakoak identifikatzeko eta itxialdira bidaltzeko.
Egiari zor, birusaren aitzakiaz hiritarren pribatutasunari egindako eraso horrek ez zuen zalaparta handirik sortu. Beldurra oso indartsua baita norbanako isolatuaren baitan. Eta alternatiba kolektiborik ezean, gustura oparitzen baitiogu askatasuna, edo are sega-potoa, ezezagunaren aurrean balizko babesa eskaintzen digunari.
Horregatik, ibil gaitezen erne hau guztia bukatzen denean, iruditzen baitzait agintekeriaren aurka kolektiboaren indarra aldarrikatzea tokatuko zaigula, beste behin.
Ea hurrengo zutabean bestelako kontuekin natorkizuen, ez litzateke seinale txarra. Ordura arte, osasuna denoi!