Bai, ongi pasa, eta ez zoritxarrez errosario bilakatu zaigun ‘kontuz ibili’
ANTXETATIK
Zain geunden, ongi etorria egiteko irrikaz eta tinko hartu du gomita udak! Eguzkia eta beroa nagusi dira Euskal Herrian azken egun hauetan. Batzuentzat bero gehiegia da azken egunetakoa, beste batzuentzat, ordea, ederra. Nire lagun batek, iragarpena entzun eta alerta egoeraren berri ukan orduko, «joder! sei egunez malaletxean egonen naiz, ez dut beroa soportatzen!». Asteazkenean Irungo bestetan buelta bat emango ote genuen galdetu nion eta «gerra garaian bezala gaude etxean, dena itxita», erantzun zidan. Azkenean, esaldi egina bezala esaten dugu sarri, baina egia da, pertsona bakoitza mundu bat da!
Irun aipaturik, bestetan murgildua dago hiria azken egunetan (egun luzeetan ere esan daiteke, 23an hasi eta uztailaren lehenean amaitzen baitira). Atzo, erosketak egiten ari nintzela, bertakoa ez zen bikote batek, jaiak noiz hasten ote diren galdetu zion kutxazainari. «Hasi dira dagoeneko Irungo jaiak, bestetan gaude!», erantzun zien, pozik. Nire aurretik ordaintzeko zain zegoen emazte batek, ordea, «ez neska, igandean! Igandean dugu egun handia, esaiozu hori», azpimarratu zuen.
Bai, igandean da Alardea. Igandea da San Martzial Eguna. Eta Irundar askorentzat besta luze hauetako egun handi bakarra da. Egun berezi bakarra. Bat eta bakarra! Guztiz errespetagarria da. Alarde parekide edo baztertzailekoa izan. Alde bateko zein bestekoentzat, hala baita. San Martzial eguna da egun handiena.
Ni, hendaiarra izan arren, eta beraz, askok dioten gisan «zu ez zara hemengoa, ez duzu ulertzen», bada hori behintzat ulertu dut. Hamar egunetatik, bakarrak axola du. Legegintzaldi bat gehiagoz alkate izango den Jose Antonio Santano sozialistak dioen bezala, «a disfrutar, ongi pasa!», beraz!
Niretzako, egun hauetan sare sozialetan irakurri dudan bezala, uda eguzkiarekin eta San Joan bezperako suaren gainetik jauzi ttiki bat emanez hasten bada, edozein herriko bestetan, txosnetan lehen potea hartzen dudanean hasten da erabat. Une horretantxe gertatzen da solstizioa nire baitan, DJ Bullen musikari amen eginez.
Honenbetez, ongi pasa zuk emakume eta zuk gizon feminista, Alarde parekidean eta gainontzeko plaza zein herriko jaixetan. Bai, ongi pasa, eta ez zoritxarrez errosario bilakatu zaigun ‘kontuz ibili…’.