Bai, baina zein eder utzi duen Irun...!
DENA DEN
Santano halako batean Irungo Udaletik ateratzen ikusteko gogoa dugun gehienoi galdetuko baligute ‘bale, baina zer aldatuko zenuke zehazki?’, segur aski ez genituzke taxuzko hiru neurri zerrendatuko punpa-lasterrean. Eta zer esan ondo ez dakigun horretan, jokabiderik seguruena da iraina edo mespretxua: JAS aski zabaldua, Joxantano oraindik ez hain zabaldua, Santano game over erdal slogana, eta abar. Baina hori da Albert Riverari buruz hitz egin eta kritika guztiak bere balizko drogazaletasunean oinarritzea.
Oposiziotik entzuten diren argudioak askotarikoak dira. Hilda dagoen herri ospel baten kronika apokaliptikoak entzuten dira, eta hori aldatzeko asmoak segidan. Irunek gris ilun kolorea berezkoa ez balu bezala. Udaletxeko bulegoak haizeberritzeko beharra azpimarratzen dute batzuek, eta balekoa dirudi arrazoi horrek, alderdi bera egon baita boterean, lagunduta edo bakarrik, 36 urtez. «Politika beste modu batera egiteko» komodin lausoa erabili izan dute aldaketako alderdiek, baina ez dakigu oso ondo zertan datzan modu hori. Herritarrengandik gertuago egon nahi omen dute.
Bada jaurtigai bat Irunen, alderdiek harat-honat darabiltena azken urteotan, baina herritarren lehentasunetan segur aski goi-goian ez legokeena: Plaiaundiko instalazioen kokapenaz ari naiz. Antza, udalak utzikeriaz jokatu du urtetan zehar, eta Txenperenea izeneko gune batera eramatea proposatu dute oposizioko alderdiek.
Baina behin betiko bonba Elkarrekin Podemosen eskutik etorri da: Santanok modu ez oso argian xahutu omen ditu 24.000 euro bazkaritan azken 12 urteotan. Buzoira iritsi zaigu aldizkari bat non «dirutza» (sic, erdaraz) horren erabilera desegokiak hartzen duen parterik handiena. Euskal oasia delakoa idortzera zetorren boomtzat aurkeztu zuten, baina ez ote gaituen herritarrok epel xamar utzi.
Askorentzat da nahiko hiri lotsa-emangarria gurea: feministak badu zertaz lotsatu (alardea, besteak beste), anti-arrazistak badu zertaz lotsatu (migratzaileen afera, esaterako), kaleratzeen aurkakoak badu zertaz lotsatu (Maria Jose Porrinoren kasua, denen gainetik), ekologistak badu zertaz lotsatu (birziklatze tasak, beste askoren artean), animalistak badu zertaz lotsatu (Euskal Herriko animalien trafikoak fokua Irunen du, bazenekien?), euskaltzaleak badu zertaz lotsatu (edozein datuk balio digu hemen).
Ni horiek guztiek kezkatzen naute neurri batean, egunaren arabera, baina gure alkatearen beste gauza batek sortzen dit ezinegona, ezeren gainetik: bere Irunekiko maitasunak eta maitasun hori ahal bezain bestetan eta mugarik gabe adierazi beharrak.
Bere Irun kuttunarekiko pasioak, bere #SentimosIrun, #IrunBihotzean eta #OrgulloIrunés traolek. Agian hala behar du, baina niri transmititzen didana da, nire aurreiritziak gorabehera, hiriaren jabe dela, edo jabetzat duela bere burua. Baina zein eder dauden biribilguneetako loreak…?