Amaiera tradizionala duen ezohiko uda
ANTXETATIK
Badira uda amaiera iragartzen duten gertakari, hitzordu edo elementuak. Hilabeteko atsedenaren ostean, zutabe hau bera idaztea adibidez, ikasturte berrirako erronken zerrenda osatzea edota ikastolarako zein lanerako agenda berria erostea. Pertsonalak dira batzuk, eta kolektiboak besteak. Hemen, Bidasoaldean adibidez, Irungo bestekin hasten dena, Hondarribiko jaiekin amaitzen da. Hendaiakoak erdi-erdian kokatzen dira (agian ez zenuen horren berri irakurle, baina Hendaiak baditu udako bestak neguko Bixintxoez gain, eta badute beren xarma, zatoz nahi duzunean!).
Ezohikoa izan da, ordea, aurtengo abuztua. Lapurditik Gipuzkoara begiratu edota alderantziz, hiru astez (edo gehiagoz, kontua galdu dut jada) paisaia zikina izan dugu. Sarri hiriburu handietan aipatzen den kutsadura hodeia bezain zabal eta kiratsua. Horren kontra, ordea, ez da neurririk hartu. Alderantziz, txalotu eta indartu egin da egunetik egunera kutsadura horren presentzia. Badakizue, noski, zertaz ari naizen. Urdin ilun, urdin argi, berde, beltz… kolore askotakoa izan da (eta da) delako kutsadura hori.
Herritar zein turista batzuk pozik egon dira, babesturik eta seguru sentitu dira. Beste batzuk, ordea, nazkaturik. Helikopteroaren presentziak, azkenean, (asteazken honetan oraindik ere tur tur tur tur tur hor ibili da) siestarako ere ez digu balio izan.
Ez dakit zer egin duten G7tarrek. Badakit, ordea, bestelako mundu bat posible dela sinisten duten eragile eta norbanakoek gogoetak gutxienez burutu dituztela. Tailer eta hitzaldi ugari egin, baita Santiago zubiaren ezkerraldean zein eskuinaldean. Polita izan da Hendaia horrela ikustea. Gazte zein heldu andana hara eta hona, giro onean, irribarre eginez eta ekinez ikasten.
Polita izan da ere (G7tarrek ukatu arren), askoz turista gutxiagorekin egotea, bizitzea. Hain zuzen ere, bizi ahal izan baitugu gure herrian. Herriaz gozatu ere! Eta hori, bertakoentzat zaila izaten da agorrilan. Asteazkeneroko merkatua ederra zegoen aste honetan. Giro berezia igartzen zen. Ez naiz turista eta turismoaren aurkakoa, soilik horren ondorioz bertakoak diren ezaugarri eta ohiturak itxuraldatzen direnean. Eta hori oso ongi ezagutzen dugu hemen.
Tira, hau dena soilik esateko, uda berezia izan dela aurtengoa. Kasu, baina ez pentsa, tradizionalki amaituko da abuztua. Hitz egin du Hondarribiko alkateak, hasi dira gora-beherak. Alarde Fundazioa, Hondarribiko Emakumeak, Jaizkibel konpainia… Kanpotarrok, ordea, bi hamarkadaren ostean, ulertu gabe segitzen omen dugu. Babuak izango gara agian, baina iritzi berekoak gehienak. #NiBetiJaizkibelekin.