Azaroaren 4an abiatuko da Irun Aurrera bonu kanpainaren 4. edizioa, eta abenduaren 5 arte iraungo du. Oraingoz, 226 establezimenduk eman dute izena ekimenean, baina urriaren 29 arte inskribatu daiteke, udalaren orrialdean.
Elkarrekin Podemosen hizkuntza eskakizunen mozioa atzera bota dute. PPren babesa baino ez du eduki eta PSE-EE abstenitu egin da.
Aurtengo udal egutegiaren gaia "Irun, izen propioz" da, eta asmoa Irunen hain ezagunak ez diren eta kale izendegian jasota dauden pertsonaiak ezagutaraztea izango da.
Leuta-Guadalupe-Faro ehiza lerroko hainbat posturi giltza eman dio behin-behinean aldundiak, berriki belatz handi bat tiroz bota dutelako inguruan.
Azaroaren 2tik aurrera, ez da hitzordurik eskatu beharko HAZ eta IRUNVI bulegoetara gerturatzeko. Hala ere, izapide zehatz batzuk egiteko, oraindik, hitzordua eskatu beharko dela jakinarazi dute.
Aitor Diaz eta Asier Zapiain hondarribiarrek bertako lehen artisau garagardoa sortu dute ‘Hondarribeer’ proiektuan. Lehen saiakera merkaturatu ondoren, garagardoa ekoizteari ekin diote.
Irule Abokatuak-ek ‘Indarkeria matxisten kasuen aurrean zein salaketa eta defentsa ditugu?’ hitzaldia eskaini du Irunen, aste honetan. Plazaolaren arabera, ezjakintasun handia dago gai horren aurrean.
Lan mahai bat sortu du udalak, hirian "delituek gora" egin dutela argudiatuta. Bertan, neurri desberdinak hartuko dituzte "segurtasuna eta bizikidetza" ziurtatzeko, eta jada bi erabaki hartu dituzte: hamar zaintza kamera gehiago jartzea hirian zehar eta udaltzaingo lantaldea handitzea.
Azaroaren 18an jasoko du Euskadi Literatura Sarien barruko itzulpengintza ataleko sari gorena Elosegik (Irun, 1955). Katalanetik euskarara ekarritako lan bategatik lortu du errekonozimendua.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du azaroaren 4rako jardunaldia. Ordezkari politikoak eta turismoarekin harremana duten sektoretako kideak bilduko dira.
Datorren larunbatean, azaroak 6, lokal berriaren inaugurazio eguna egingo du Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak. Gainera, aurreko egunean, arratsaldez, bazkideentzako eta izan nahi dutenentzako batzarra deitu dute ere.
Atzo Behobian izan zen 'Alkatea, auzoetan' dinamika, eta orain, astebete daukate auzotarrek iradokizunak, proposamenak edota kexak udalari luzatzeko.
Sarrerak eskuratzeko Txantxangorri edo Branka ostatuetara joan daiteke. Telefonoz ere egin daitezke eskaerak. Azaroaren 20an da saioa.
Azaroan dira iristekoak Bira Zapatistako hainbat kide Euskal Herrira, eta eskualdean harrera egin nahi dietenei zuzendutako bilera irekia egingo dute bihar.
Hurrengo asteartean Irun eta Hondarribiko EH Bilduk herri batzarra egingo du, Palmera Montero gunean. Bertan izango da Nekane Zinkunegi koalizioaren Gipuzkoako arduradun politikoa, eta ikasturteari begira dituzten erronkez arituko dira eztabaidan.
Hondarribiko hilerrira autoz joateko Gabriel Aresti kalea erabili beharko da, eta handik ateratzeko Torreko aldapa. Musukoa beharrezkoa da hilerrian.
Zabaltza plazan elkartzera dei egin du Etxerat-ek gaur 20:00etan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde eta sakabanaketa politikak salatzeko asmoz.
Coro de Jóvenes de Madrid abesbatzak kontzertua emango du gaur alde zaharreko parrokian. Errepertorioan Euskal Herriko sortzaileen abestiak daude.