Lezo Zero Zabor taldeak gogoetarako idatzia bidali du OARSO BIDASOKO HITZA-ra, atez atekoaren gainean Lezon azken egunetan izan diren gertakarien gaineko iritzia emateko, eta hondakinen gaikako bilketari buruz dituzten ideiak berresteko. Honakoa da, hitzez hitz, egin duten agiria:
“Lezo Zero Zabor taldeak, Atez Ateko zabor bilketaren inguruan azken asteotan izandako gertakariak direla eta, honakoa adierazi nahi du:
- EAJk eta Lezo Garbia plataformako ordezkariek hilabeteotan guztietan, eta bereziki, azken egunotan adierazi duten diskurtsoak, zenbait herritar jarrera oldarkorrak izatera bultzatu ditu: udal ordezkari eta langileak irainduz, mehatxatuz. Aipatutako ordezkarien arduragabekeria eta ondorioz gertatutako erasoak sutsuki salatu nahi ditugu. Era berean, salagarria da ere EAJk eta Lezo Garbiak herritar hauek, informazio falta dutela jakinik, modu interesatuan erabili izana. Oso arriskutsua da sua piztu eta egur gehiegi botatzea haizea dabilenean.
- Zabor bilketa sistema berrirako hiri altzariak azterketa tekniko baten arabera jarri dira, babesguneak eta herritarrentzat toki erosoenak bilatuz. Altzari hauek herritar guztiok ordainduko ditugularik, kalterik ez sortzea eskatzen dugu, eta desadostasunik izanez gero, dagokion administrazio bidea erabiltzea proposatzen.
- Jarrera hauekin, benetako eztabaida estali nahi izan da; noiz hitz egin da herritar eta ordezkari horien artean herritarrok guk geuk sorturiko hondakinak kudeatzeko dugun betebeharraz eta erantzukizunaz? Atez Ateko bilketa sistemak dituen onurez, alegia, hondakinen %85 birziklatzeaz? Bosgarren edukiontziaren iruzurraz? Hondakindegi eta erraustegi kutsakorrak eraikitzeko behar faltsuez? Noiz egin da proposamen serio eta zentzudunik?
- Gaur-gaukoz, atez ateko bilketa sistema da birziklatze tasa altuenak bermatzen dituena, zehazki Lezon, %27tik %85era pasako gara egun gutxitan, inolako usainik, arratoirik, tasen garestitzerik eta eragozpenik izan gabe. Hala, informazio egokia zabalduz, elkar errespetatuz eta elkarri lagunduz, ingurumenarekiko errespetu handiagoz jokatuko duen komunitate jatorra osatuko dugu, ingurumenarekin berarekin elkarrekintzan bizi behar baitugu.
Norabide egokian goaz, Zero Zabor norabidean hain zuzen. Arduratsu izanez, hobekien dakigun modura, hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatuko ditugu. Animo, beraz, herritar guztioi. Ongi egitera goaz!”