Brontzezko lau domina ekarri ditu Ama Guadalupekoak Murtziatik
Kadete eta Helduen mailetako Espainiako Borroka Txapelketa egin zuten larunbatean Murtziako San Javier herriko Principe Felipe kiroldegian. Hondarribiko Ama Guadalupekoa taldeko sei kirolarik hartu zuten parte, bi helduen mailan eta lau kadeteetan. Horietako lauk brontzezko domina jantzita egin zuten lo autobusean, etxerako bidaian.
Helduen Mailan Euskadiko Federaziotik hiru kirolarik bidaiatu zuten Murtziara, haien artean Ander Palavecino eta Amaia Curiel hondarribitarrek. Palavecinok maila aldaketa nabaritu zuen —iaz Gazte Mailako txapelduna izan zen— eta bosgarren bukatu zuen -55 kiloetan. Zozketan ez zuen zorterik izan, bigarren borrokan gerora urrezko domina lortu zuen Juan Pablo Gonzalez kanariarra izan zuelako aurkari.
Emakumeetan, Amaia Curiel -63 kiloetan aritu zen. Palavecinok bezala, lehen aldia zuen Curielek nagusiekin eta iaz Gazte Mailan lortutako brontzea jantzi du aurten Helduen Mailan ere. Dudarik gabe hilabete bikaina ari da izaten Ama Guadalupekoa taldeko kirolariarentzat, duela bi aste bigarren geratu baitzen Espainiako Sambo Txapelketan.
Domina banaketaren ondoren, Londresen urrezko domina lortu zuen Maider Unda gasteiztarrak modalitatearen aldeko testu bat irakurri zuen. Joan den astean Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (COI) jakinarazi zuen 2020tik aurrera, borroka, olinpiko izateari utziko diola, eta horren aurka altxatu dira kirol horren jarraitzaileak, garai bateko olinpiar jokoetako kiroletako bat dela nabarmenduz. Undak ere parte hartu zuen txapelketan eta erraz nagusitu zen bere pisuan, 72 kiloetan.
Beste hiru domina gazteentzat
Kadeteetan ere emaitza bikainak lortu zituzten Hondarribiko borrokalariek. Ez da ahaztu behar Ama Guadalupekoa ikastetxeko taldea eskola mailako indartsuenetakoa dela Espainiako estatuan eta emaitzan horien arduradunetako batzuk dagoeneko Kadete Mailan leihatzen hasi direla. Hala, Andoni Gorrotxategik (-54 kiloetan), Fermin Balda (-69) eta Oscar Garridok (-85) brontzea lortu zuten larunbatean San Javierren ospatutako Espainiako Borroka Txapelketan. Alberto Mitxelenak lehen lehian galdu zuen eta ez zuen aukerarik izan errepeskan aritzeko; bosgarren geratu zen.