Itzuli dira argiak eta soinua Psilocybeneako oholtzara
Geldialdiaren ondoren, berriz ere martxan da Psilocybe elkartearen aretoa. Kulturaren sektorean ezjakintasuna nagusi denez, "pultsua" hartu nahi diote denboraldiari, eta "indarrak neurtu".
Pandemiagatik ezartzen ari diren osasun neurriak, oraindik ere, ezjakintasuna eragiten ari dira kulturari lotuta lan egiten dutenen artean. Murrizketek, mugek eta debekuek aretoen eta kultur espazioen ateak itxita mantendu dituzte, momentu askotan eragileei inolako alternatibarik eskaini gabe aurrera egin ahal izateko, edota bederen, galerak ez izateko. Orain ere egoera ez da samurra, eta pandemiaren gora-beherengatik, ezarritako arauek ez dute normaltasunera itzultzen utzi.
Oztopoak oztopo, Psilocybenea aretoari hautsa kentzen hasi ziren joan den astean, berriz ere ateak irekitzeko eta P hizkia argiztatzeko. Hilaren 14an, denbora luzearen ondoren, bi kontzertuz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek, Braulio eta Inoren Ero Ni taldeek astindu zuten aretoko oholtza. Osasun neurriek baldintzatutako itzulera izan zen, lehen aldia baitzen neurri berrien menpe espazioa kudeatzen zutena.
Nestor Uranga Psilocybe elkarteko kideak azaldu du asko dutela segurtasunari buruz ikasteko, denentzat berria izan baita neurrien ezartzea espazio seguru bat bermatzeko, eta hurrengoan hobe nola egin pentsatzen ari direla adierazi du. Esate baterako, emanaldien ordutegia aurreratzea pentsatu dute.
Nahiz eta kulturgileentzat beste egoera bat datorrela dirudien, gogoan izan ditu aurreko hilabeteak Urangak, eta Psilocybenea urpean zegoenaren sentsazioa izan zutela azaldu du. Lehenik aretoan entseatzeari ekin zioten taldeek. Gainera, geldirik zeuden sentsazio hori baretzeko asmoz, entseatzeaz gain, aurretik egin izan duten bezala, bilduma bat grabatzen hasi ziren. Psilocybenean entseatzen duten eta parte hartu nahi izan duten hainbat taldek abesti bat aukeratu, eta grabatu egin dituzte. Dena den, ez dute proiektua bukatzeko aukerarik izan, soinu teknikari faltan daudelako: “Ez dakit zenbat indar izango dugun, baina egunen batean atera beharko dugu. Ez zaigu gustatzen gauzak bukatu gabe uztea”.
Aurrera jarraitzea, lehentasuna
Horregatik, joan den urtean, soinu teknikariak formatzeko kurtso bat hasi zuten, “premia asko baitugu”, zehaztu du antolatzaileak. Jada etxeko teknikariak klase teorikoak eman dituela azaldu du, baina kontzerturik ezean, ikasleek ikasitakoa ezin dutela praktikan jarri nabarmendu du. Aldiz, orain berriro musika doinuak entzuten hasi direnez, ikastaroarekin jarraitzeko “momentu ona” dela iritzi dio kideak.
Hala ere, “egoera arraroa” denez, tentuz begiratzen dio Urangak aretoaren, ikastaroaren, eta oro har, programazioaren etorkizunari: “Orain pultsua hartu nahi diogu denboraldiari, eta horren arabera, indarrak neurtu”. Perspektiba kontua dela dio, bi urtez geldirik egon ondotik norabidea hartzen ari direlako. Orduan, programazioa ea zein puntura arte ahalko duten osatu jakingo dutela adierazi du. Izan ere, haien sare sozialetan jada emanaldi batzuk aurreratu dituzte, baina egin ahal izango diren zalantza dute, “ezjakintasuna” delako nagusi, Urangaren hitzetan. Baldintzez jositako egoera horrek ezegonkortasunean mantentzen ditu kulturgileak, eta sektore hori osatzen dutenekiko errespetua eskatu du Psilocybe elkarteko kideak.