Ezker abertzalea banatuta aurkeztuko da Maiatzaren 24ko bozetara Hondarribian. EH Bildu batetik, eta Abotsanitz alderdi berria, bestetik. Ortzi Alonso da Abotsanitzen alkategaia eta berarentzat lehen hauteskundeak izango dira.
Ezker abertzalea banatuta aurkeztuko da Maiatzaren 24ko bozetara Hondarribian. EH Bildu batetik, eta Abotsanitz alderdi berria, bestetik. Ortzi Alonso da Abotsanitzen alkategaia eta berarentzat lehen hauteskundeak izango dira.
Zer moduz doa kanpaina?
Oso ondo goaz, gure jardunean buru belarri. Halako kanpainak intentsitate handia dute, baita udal hauteskunde batzuetan ere. Jendearengandik jasotzen ari garen harrera oso baikorra da. Gazteak inplikatzea lortu dugu eta hori ezinbestekoa dela uste dugu. Lan egiteko gure eredua azaltzen ari gara, jendeak ezagutu gaitzan. Udal ordezkaritza lortuz gero, herrigintzan aritzeko baliabide bat izango litzateke.
Lehen aldiz aurkezten zara udal hauteskunde batzuetan, eta alkategai bezala gainera. Nola daramazu?
Naturaltasun osoz eta gogotsu. Beste herri mugimendu batzuetan ibilia naiz aurretik, instituzioak ezagutzen ditut eta gainera babes asko jaso dut eta jasotzen ari naiz, lan talde bikaina dugu eta erronka berriei aurre egiteko prest eta gogotsu nago.
Ez zara bakarrik aurkezten. Zer nabarmenduko zenuke Abotsanitz-en zerrendatik?
Argi dago lan taldea garela; gure zerrendako edozein joan zitekeen zerrendaburu eta nire inplikazioa berdina izango litzateke. Zerrenda polita osatu dugu, nagusiki gaztea. Ilusioa eta energiaren isla. Esperientziaz jositako beteranoak ere badira gurean, proiektu sendoaren adierazle. Bi zutabeen uztartze honek zerbait adierazi nahi du. Gauzak beste modu batera egin behar direnaren konpromisoa abiarazi nahi dugula eta hori da gure hautua. Nabarmendu nahi nuke ere Abotsanitz ez dela hautes-zerrendan doan jendea bakarrik, lan talde zabala baizik.
Eta programan, zeintzuk dira puntu garrantzitsuenak?
Gure programan nabarmentzen dugu udalaren ateak ireki behar ditugula, herritar eta eragilee guztiei. Esaterako, gizarte zerbitzuetan planteatzen dugu hondarribiar orok jakin behar duela zein zerbitzu dagozkion, gizarte zerbitzuak herritarroi dagokigun eskubideak dira, eta informazio nahikoa eta egokia izan behar dugu.
Etxebizitza arloan, etxebizitza publikoa bultzatu behar da. Bizi baldintza duina alokairu sozialetik dator eta alokairuaren kultura indartu behar da, aukera desberdinak uztartuz. Etxebizitza kooperatibak ere kontuan izan behar genituzke.
Eta kultura eta ondareari ere garrantzia handia ematen diogu, eta horregatik kultur eragile eta udalaren arteko elkarrizketa bultzatuko dugu. Gune publikoen erabilera eta kudeaketa plana egin, herritarrei gune desberdinak irekiaz. Eta herriko ondare historiko-artistikoaren gestiorako oinarriak ezarri, Hondarribiko ondarearen kudeaketan hobetuz.
Alkatetza lortuko bazenu, zein izango da hurrengo lau urteetan udalean lan egiteko modua?
Kalera ateratzea izango litzateke gure lan egiteko modua, kalera atera jendearengana joan, ekarpenak jaso. Horretarako udal batzordeak egokitu behar dira, herriko eragile eta herritar desberdinak parte hartu dezaten. Udaleko ateak ireki eta erraztasunak jarri eraikin eta gune publikoak erabil daitezen, denonak baitira, herritarrek ordaindutako zergetatik sortuak. Oreka bat bilatu, eta inoiz ez udala pribatua izango litzatekeen zerbait bezala kudeatu.
Non jarraituko duzu zenbaketa? Zerbait berezia antolatu al duzue?
Hauteskunde eguna ahaldun gisa jarraituko dut, hautes-mahaietan egoteko asmoa dut. Eta hauteskunde gaua Olagarro kultur elkartean jarraituko dugu, bertaratu nahi duen guztia gonbidatu nahiko nuke bide batez.
Egin al duzu kinielarik? Zenbat zinegotzi lortuko dituzuela uste duzu?
Abotsanitzek udal hauteskunde hauetan parte hartzeko erabakia hartu zuenean, udal ordezkaritza izateko helburuarekin izan zen. Beraz zinegotzi bat lortuko bagenu gure helburua beteta izango genuke. Dena dela, ikusteko dago herriarengandik jaso dezakegun babesa. Kiniela bat egin ez gero aukera guztiak dira posible.