Kote Guevara liburuzaina pozik dago lantoki berrian. Zuloaga Etxea handitzen duten bitartean, Biteri kalean ireki dute behin behineko liburutegia, modulukako azpiegitura batean. Erabiltzaile eta langileei asko gustatu hartu dute leku berria.
Kote Guevara, liburutegi berriko apalategiak txukuntzen
Zuloaga Etxea handitzen duten bitartean,
Biteri kalean ireki dute behin behineko liburutegia, modulukako azpiegitura batean. Erabiltzaile eta langileei asko gustatu hartu dute leku berria.
Zer moduz hartu du jendeak behin behineko kokapena?
Jendea kontent dago. Oso ondo ikusten dute gauzak nola dauden kokatuta, argitasun asko du, oso zabala da, bakoitzak du bere txokoa eta lehen denak pilatuta geunden…
Material gutxiago al dago?
Bai, gutxiago dago. Lehen erreserbako fondo bat genuen, 20.000 liburu gutxi gorabehera, biltegi batera eraman ditugu eta han egongo da Zuloaga Etxeko obra bukatu arte. Hona ekarri dugu gehien erabiltzen dena; gero erreserbako fondoan daude klasikoak eta horrelakoak, hainbeste erabiltzen ez direnak, eta hutsune hori betetzen dugu liburutegien arteko maileguekin.
Eta zuek, langileak, zer moduz ari zarete?
Guretzat ere erosoagoa da, dena solairu berean dagoelako, eta lana xinpleagoa da, ez duzu gora eta behera ibili behar, lehen ibiltzen ginen bezala. Eta dena eskura dago, gertuago.
Trasladoa bukatuta, lasaiago?
Oraindik gauza batzuk falta zaizkigu. Atzeratu ginen asko eta presa genuen irekitzeko, eta ireki genuen liburuak jendearentzat prest zeudenean, baina barruko lanean gauza batzuk egin gabe geratu dira, eta hori hurrengo aldaketarako itxoin beharko dugu.
Haurren fondoan sortu dugu txiki txokoa, haur txikientzat eta euren gurasoentzat, baina gaztetxoentzat txoko bereizitua nahi genuen antolatu eta ez digu denborarik eman. Pixkanaka egingo dugu, baina liburutegia irekitzen duzunean ja ez duzu denborarik izaten lan horiek egiteko, gehiena izaten delako mostradoreko lana, maileguak eta eguneroko funtzionamenduko lanak. Horrek jaten dizu denbora guztia.
Asmoa zelako Zuloaga Etxean egongo den banaketa zehaztea…
Bai. Bueno, garbiketa bat egin dugu eta hori oso ondo etorri zaigu. Liburu asko desagertuta zeuden, edo hondatuak, eta hori garbitu behar genuen, jakiteko benetako fondoa zein zen. Batetik fiktizioa zen, liburuak ez genituen aurkitzen, edo gaizki kokatuta zeuden, gaizki katalogatuta. Hori dena zuzendu dugu, oraingoz behintzat [barre egiten du], hemendik hiru hilabetera ez dakigu.
Zenbat titulu daude guztira?
Berrogeita hamar mila inguru. Ez dago gaizki. Bi mila inguru kendu ditugu, zaharrak edo hondatuak zeudenak…
Hamar egun hauetan sumatu al da erabiltzaile kopuruak behera edo gora egin duela?
Ez dugu sumatu halako diferentziarik. Bazkideak eta erabiltzaileak berdintsuak dira, baina orain kokapenaren aldaketarekin jende berria hasi da azaltzen, Muliatekoak, Biteri kalekoak eta Biteri eskolakoak. Sumatzen dugu ere aparkatzeko lekua dagoenez, eta bidegorri inguruan zahar asko paseatzen ibiltzen direnez, horiek ere hurbiltzen dira. Lehen Alde Zaharra muga bat zen nagusientzat, harresia muga psikologikoa da, eta ulergarria da, alde zaharra ez da egokia zaharrentzat ibiltzeko, eta aparkatzeko tokirik ez dago. Hori nolabait gainditu dugu, eta jende hori hurbiltzen ari da.
Hondarribiko Udal Liburutegiko funtsa
- Funts osoa: 50.904 dokumentu (liburu, aldizkari, DVD…).
- Xahutuak: 3.606.
- Erabilgarriak (Biteri kaleko moduluetan): 36.162.
- Ez erabilgarriak (Biltegian gordeta): 11.069.