Digna Rabia izenburuko dokumental galiziarra eskainiko dute gaur, Trintxerpeko alkateordetzan, 19:00etatik aurrera. Dokumentalak frankismoak emakumeengan izan duen eragina aztertzen du. Dokumentala proiektatu ondoren, solasaldia izango da eta mahai-inguruan, besteak beste, Angel Rodriguez Gallardo historiagileak parte hartuko du. Rodriguez Gallardo dokumentalaren zuzendaria izateaz gain, Vigoko unibertsitateko irakaslea da.
Emakumeak dira dokumentalaren protagonista eta Frankismoak euren bizietan izandako eraginari buruzko hausnarketa egiten dute, belaunaldi askotako emakumeen askotariko lekukotasunak jasota. Gerraosteko bakardadea; emakumeak gizonarekiko bizi izandako otzantasunean eliza katolikoak izandako erantzukizuna; genero-indarkeria; eskolatzeko izandako zailtasunak, eta lan egiteko konpromiso nekaezina… hartuko dituzte hizpide, besteak beste.